Migrazioa, bidaia ahatezina (2023) filma Zineuskadi Elkartearen Zinema Euskaraz ekimenaren eskutik helduko da gaur Hego Euskal zinema-areto nagusietara. Publiko orokorrari bideratua dagoen animaziozko filma euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango da.
Mallard familia putzuan geratu da. Aita Mackek bere familiak Ingalaterra Berriko urmaelean daraman eguneroko lasaia atsegin du, baina ama Pamek gogo handia du bizitzaz gozatzeko eta bere seme-alabei mundua bere osotasunean erakusteko. Halako batean, ahate migratzaile familia bat leku urrunetako istorio zoragarriekin iritsiko da bizileku duten urmaelera; iritsiera hori baliatu eta Pamek Mack konbentizea lortuko du Jamaika tropikalera bidaiatzeko, bidean ere New York hiria zeharkatuz.
Hala, Mallardtarrak hegoaldera abiatuko dira negua igarotzera, baina gauzak ez dira espero bezala ateratzen. Esperientziak bide ezezagunak aurkitzen, lagun berriak egiten, inoiz imajinatu ez zituzten abenturak bizitzen eta, bide batez, elkar hobeto ezagutzen lagunduko die.
Filma gaurtik aurrera proiektatuko da ondorengo zinema-aretoetan: Golem Alhondiga (Bilbo), Getxo Zinemak (Getxo), Zugaza Zinema (Durango), Florida Zinemak (Gasteiz), Gorbeia Zinemak (Gasteiz), Niessen (Errenteria), SADE Cines Antiguo Berri (Donostia) eta Golem La Morea (Iruñea).
Zinema Euskaraz programari esker
Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten euskaratutako hamargarren filma da, Superheroien familia, Yuku eta Himalaiako lorea, Momiak, Lau ahizpa magikoak, Mavka: basoaren zaindaria, Alan giza antena, Abentura erraldoia, Boo Kwai eta museoaren lapurreta eta Doraemon: Nobitaren dinosauro berria lanen ostean.
Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko helburua du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatutako programa honek, eta haur zein gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketaz arduratzen da, zinemagintzan euskararen hedapena bultzatzearren.