Negu Kolektiboaren lehen fikziozko film luzea Begin Again banatzailearen eskutik iritsiko da Hego Euskal Herriko eta Espainiar Estatuko zinema aretoetara.

Negu Hurbilak-estreinaldia-zinea

Locarnoko 76. Zinemaldian izan zuen Negu hurbilak  filmak mundu mailako estreinaldia,  Cineasti del Presente sailean, eta Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen.  Ostean, SEMINCI Valladolideko Nazioarteko Zinema Astean izan zuen agertoki  lanak, eta Márgenes – Madrilgo Nazioarteko Zinemaldian lehiatu da berriki, Epaimahai Gaztearen Saria lortuz. Bada, Begin Again banatzaileak aurreratu duenez, Negu Kolektiboaren lehen fikziozko film luzea 2024ko otsailaren 23an Hego Euskal Herriko eta Espainiar Estatuko hainbat hiritan izango da ikusgai.

Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko lana da Negu Hurbilak, eta ihesaldi baten historia kontatzen du: ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri du. Emakumezko gazte bat ihesi doa helburu argi batekin: muga zeharkatzea, bai baitaki hala etxetik urrundu ahal izango dela, jaioterrian ez baitago seguru. Ihesean doala, Zubieta herrira iritsiko da. Mugako herri horretan, antzinako mitoek eta gaur egungo konfliktoek bat egiten dute, antza. Herriko etxe bateko ganbaran ezkutatuta, harria bezain mugigaitza den hango egunerokotasuna ezagutuko du. Denbora igaro ahala, egunak gau eta gauak egun bihurtzen diren leku horretan, gaztearen ihesaldia gero eta korapilatsuagoa bilakatuko da.

KRITIKA | NEGU HURBILAK: Bakardade-min isila, lainopeko labirintoan

Zubietan (Nafarroa) burutu zituzten errodaje lanak eta, hain zuzen, bertako herritarrak – Beñardo Mutuberria, Ana Hualde, Markos Juanikorena, Ibai Juanikorena eta Bautista Santesteban- aritu ziren antzezle lanetan. Haiekin batera, Jone Laspiur  da aktore profesional bakarra, neska protagonistaren azalean.

Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrék, Xalba Ramirezek eta Adrià Rocak idatzia; Albite bera eta Edu V. Romero arduratu dira edizio lanez. Javi Sevak egin ditu argazki-zuzendaritza lanak, eta Justina Monserrat aritu da arte-zuzendari. Maluta* Films (Euskal Herria) eta Cornelius Films (Herrialde Katalanak) ekoiztetxeen babesarekin.

Negu Kolektiboa

Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrék eta Adrià Rocak osatzen dute Negu Kolektiboa. Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Goi Eskolak (ESCAC) elkartutako ikasle-taldea da, jatorri desberdin eta oso urrunekoak. Eskolarako proiektuak garatu eta sortu ahala, sorkuntza horiei ekiteko orduan antzeko kezkak eta ikuspuntuak partekatzen zituztela sinetsita elkartu ziren orain lau urte.

Bere lehen proiektuak, Euskal Herrian errodaturiko Erroitz filmak, jarri zuen gaur egun eraikitzen ari den sorkuntza eta konplizitate-bidearen hasierako harria. Urtebete geroago ekin zioten bigarren proiektuaren ekoizpenari: Uhara, 16 mm-tan errodaturiko metraje erdiko pieza, izandako gaztaroa eta orduko energia irrikatzearen ingurukoa.

Era berean, bi proiektu horien artean, Kataluniako errealitatearen inguruko sorkuntza batzuk landu zituzten ere, hala nola 16 mm-tan filmatutako A rabassa morta.

Bidean aurrera, konplizitatea, esperientzia eta baliabideak pilatzearekin bat, kolektiboa handitu eta zinemaren esparruko kide berriak batzen hasi ziren, baita ingurune akademikotik kanpokoak ere. Orain, kolektiboa inoiz baino indartsuago dagoela azaldu dute, “gogoa eta grina batzen jarraitzen dugu, bizitzaren konplexutasunaz eta benetakotasunaz hitz egiten duten proiektuak eraikitzen eta sortzen jarraitzeko”.