Isabel Herguera animaziogile donostiarrak zuzendutako obrak Laboral Kutxa Saria irabazi du. Aldiz, sail bereko epaimahaiak aipamen bereziarekin aitortu ditu Talkak (Ilune Díaz, Jordi Nuet) eta Montería (Víctor Díez Bildosola). Pablo Ríoren Conej Steps Out izan dute ikus-entzuleek lan gogokoena.

la-mujer-ilustrada-zinea

Bilboko Udalaren Kultura Saila eta SGAE Fundazioaren laguntzarekin antolatuta, abenduaren 11n abiatu zuten Animakom FEST – Nazioarteko Animazio Komunitatearen Bilboko Jaialdia. 2023ko edizioa hilaren 18ra bitartean luzatu da, eta film labur zein luze interesgarrienak pantailaratzeaz gain, topaketak, eskola magistralak eta haurrentzako tailerrak hartu ditu. Ohi bezala, Bilborcok aretoa izan da epizentroa, baina La Bolsa eraikinean, Joker espazioan zein IED Kunsthal-en ere egin dituzte jarduerak.

Lau sail izan ditu festibalak -nazioarteko lehiaketa, ikasleen lehiaketa, euskal film laburrak, bideo musikalen lehiaketa-, eta lehiaketa egunak bukatuta, epaimahaikideek aurtengo ekitaldiko irabazleen berri eman dute. Dozena bat sari banatu dituzte, eta euskal ekoizpenek ere izan dute azpimarra. Isabel Herguera animaziogile donostiarrak zuzendutako La mujer ilustrada obrak Laboral Kutxa Saria irabazi du. KIMUAK 2023 katalogoan aukeratutako lana da, ZINEBI65 edizioko sail ofizialean ere erakutsi dutena. 71. Donostia Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu duen Sultanaren ametsa opera primaren ildoari jarraiki, bizipen pertsonaletan oinarrituta dago,  hain zuzen ere, bere proiektu luze honen baitan koka daitekeena. Indiako Ahmedabad herrian animazio tailer bat ematen duen Isabel jarraituz, Sultana’s Dream ipuin utopiko feministaren berri nola duen gogoraraziko digu.

Aldiz, sail bereko epaimahaiak aipamen bereziarekin aitortu ditu Talkak (Ilune Díaz, Jordi Nuet) eta Montería (Víctor Díez Bildosola). DigiPen Europe Bilbao eskolako Pablo Rios ikaslearen Conej Steps Out izan dute ikus-entzuleek lan gogokoena.

Jarraian duzue palmares osatua:

  • Nazioarteko Lehiaketako Sari nagusia: Slow Light (Katarzyna Kijek, Przemyslaw Adamski)
  • Nazioarteko Lehiaketako Epaimahaiaren Saria: A Kind of Testament (Stephen Vuillemin)
  • Nazioarteko Lehiaketako Epaimahaiaren Aipamen Berezia: Sping (Pernille Kjaer)
  • Ikasleen Lehiaketako Sari Nagusia: Le bruit du silence (Marjorie Dutriaux, Téo Frantz, Dora Ozal, Damien Rudeaux, Violette Talalaeff)
  • Ikasleen Lehiaketako Epaimahaiaren Sari Berezia: Dodo (Yi Luo)
  • Ikasle Lehiaketako Epaimahaiaren Aipamen Berezia: Mano (Toke Madsen); That Doesn’t Fit (Ackshaj Anand)
  • Laboral Kutxa Saria: La mujer ilustrada (Isabel Herguera)
  • Laboral Kutxa Sariaren Epaimahaiaren Aipamen Berezia: Talkak (Ilune Díaz, Jordi Nuet); Montería (Víctor Díez Bildosola)
  • Publikoaren Saria: Conej Steps Out (Pablo Río)
  • Animaziozko Bideo Musikal Onenaren Saria: Je pars (Michelle Brand)
  • Emakume Zuzendari Onenaren Saria: Oneluv (Varya Yakovleva)
  • Gidoi Onenari Saria: Teacups (Alen Green, Finbar Watson)
  • Berrikuntzaren Saria: Not-Being (Zharko Ivanov, Ivan Ivanovski, Vladimir Lukash, Krste Gospodinovski)

Animakom 2023 saria, bere aldetik, bi erakunderi eman zaie: MIA elkarteari eta Tricky Women/Tricky Realities jaialdi austriarrari. Lehena profesionalen, elkarteen, komunikabideen, enpresen, beste gizarte-eragile batzuen eta erakunde publikoen arteko topagune, eztabaida, hausnarketa eta elkarrizketarako gune gisa sortu zen 2018an, eta 240 bazkide baino gehiago ditu. Bigarrenari dagokionez, Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruan ospatzen da urtero, eta emakumeek eta/edo artista genderqueerrek egindako animaziozko filmak ditu ardatz.

Film saridun guztiak ikusgai daude FILMIN plataforman, abenduaren 22ra bitartean.