Imanol Reta zinemagile nafarrak Olaztin errodatutako film laburra nagusitu da ekimenaren 11. edizioan. Pablo Jimenez Porcuna kordobarraren Wannabe obrak lortu du bigarren saria, Allon filmatutakoa.

Nafarroa Zinemaren Lurraldea-irabazleak-zinea

Nafarroako Gobernuaren Turismo sailak eta Nafarroako Film Commissionek elkarlanean antolatutako ekimena da, Nafarroa Zinemaren Lurraldea programa, lurraldeko leku turistikoetan kokatutako fikziozko 10 film labur ekoizten laguntzeko eta erkidegoan turismoa sustatzeko helburua duena. 11. edizioa izan du aurten ekimenak, eta dagoeneko, ezagun dira irabazleak.

Abenduaren 15ean egin dute sari-banaketa ekitaldia, Azkoiengo Kultur Etxeko auditorioan, eta  bost sari banatu dituzte. Beatriz Hernandez, Ainhoa Urgoitia, Jose Felix Collazos eta Pedro Moreno del Oso zinema industriako profesionalek osatu dute epaimahaia, eta Imanol Reta zinemagile nafarrak Olaztin errodatutako Última visita film laburra izendatu dute garaile; 2.500 euro eman dizkiote opari. Pablo Jimenez Porcuna kordobarraren Wannabe obrak lortu du bigarren saria (1.000 euro), eta bertan aktore izan den Jose Abrilek interpretazio onenarena (250 euro). Allon dago filmatuta.

Argazki onenaren 500 euroko saria Urdazubin errodatutako Alas para volar (Cristian Serrano eta Claudia Faubel) lanari eman diote, eta epaimahaiaren sari berezia zein ikus-entzuleena jaso ditu Richard Oses nafarraren La playak, Azkoienen girotutakoak. 1.000 euro eraman ditu guztira opari.

Proiektu finalistak

Hautatutako sortzaileek  azaroaren 22ra arte izan dute aurkeztutako gidoiak dagozkien kokalekuetan filmatzeko aukera: Viana, Iruñea, Azkoien, Allo, Olazti, Ribaforada, Luzaide, Arguedas eta Urdazubi.

Miguel Gómez-Tejedor EHGEP elkarteko kidea eta gidoilaria; Patxi Burillo zinemagile eta arkitektoa; Iñigo Floristán gidoigile, zinemagile eta ekoizlea; Sara Brun kazetari, idazle, gidoilari eta zinema zuzendaria; Ángela Mejías Hendaia Film Festival jaialdiko zuzendaria; eta Marcos Pereda Nafarroa Zinemaren Lurraldea film laburren jaialdiko zuzendaria izan dira hautaketa-batzordea osatu dutenak, eta ondoko 10 film labur proiektuak izan dira finalistak:

  • ¿Tú qué has hecho?, Ander Osés (VIANA)
  • La paya, Richard Osés (AZKOIEN)
  • Seis mujeres sin piedad, Javier Ursúa (ARGUEDAS)
  • Janeth, Ariel Heredia (IRUÑEA)
  • Última visita, Imanol Reta (OLAZTI)
  • La víctima, Ángel Chivite eta Luis Galindo (RIBAFORADA)
  • Lo importante, Ana Barberán (LUZAIDE)
  • Alas para volar, Cristian Serrano eta Claudia Faubel (URDAZUBI)
  • Wannabe, Pablo Porcuna (ALLO)
  • La niña, Jorge Miranda (IRUÑEA)

Ezagutu film labur bakoitzaren xehetasunak, HEMEN.