Kepa Junkerak iktusa izan zuenetik bost urte igaro direnean, Berpiztu dokumentaletik abiatutako lau ataletara egokitutako telesaila estreinatu du Euskal Telebistaren PRIMERAN plataformak. Musikariaren sormena eta talentua bakarrik ez, musika bera ere omentzen du. 

2020. urtearen amaieran Fermin Aio egilea Oliene baserrira joan zen Kepa Junkera musikaria bisitatzera. Busturialdeko etxea izan du musikariak gotorleku 2018. urtean iktusak jota erretiroa hartu behar izan zuenetik. Gertukoek diotenaren arabera, erupzioan sartzear dagoen sumendi-indar horri eusten dio oraindik musikariak, eta hala baieztatu zuen Aio berak artistaren figura, lana eta sortzeko grina omentzeko sortu zuen pieza dokumentalak. 2022an, 70. Donostia Zinemaldiaren EITB Galaren abaroan aurkeztu zuten aurrenekoz jendartean.

Bada, lan hori lau kapituluko telesail formatura egokitu dute orain, eta Euskal Telebistaren PRIMERAN plataforman dago ikusgai iragan abenduaren 14tik. Sustraietatik abiatuko da seriea, trikitixa lehiaketetako lehen emanaldietatik. Bigarren atalak, bestalde, Kepa Junkeraren ibilbide luzea errepasatzeaz gain, iktusaren ondoren bere errekuperazio-prozesua nolakoa den erakutsiko du, familia eta lagunak ondoan dituela beti.

Hirugarren atalean, halaber, musikari handiaren irudia deskubritzen eta gozatzen jarraitzeko aukera izango du ikusleak, bere ibilbide luzean bidelagun izan dituen pertsonekin. Bidaia bukatzeko, Keparen egunerokoa nolakoa den ikusteko aukera izango da Busturiako bere etxean, Oliene baserrian, eta ingurukoek iktusa nola jasan zuten ezagutzeko. Laugarren atalak, berebat, Junkeraren sormen eklektikora eta anitzera hurbilduko gaitu.

Ikusi telesaila, hemen.