Señor y Señora ekoiztetxe donostiarraren proiektua nagusi izan da Los trabajos y las noche jaialdiko sail ofizialean. Aldiz, kazetariek osatutako epaimahaiak Jaione Cambordaren lana azpimarratu du.
Logroñoko Udalaren eta Errioxako Gobernuaren laguntzaz antolatutako ekimena da Los trabajos y las noche zinema eta prozesu artistikoen festibala. Aurten laugarren edizioa ospatu dute abenduaren 9tik 16ra bitartean, eta euskal parte hartzea duten bi proiektu saridun izan dira. Ekitaldiko sari nagusia Señor y Señora (Aritz Moreno eta Leire Apellaniz) ekoiztetxe gipuzkoarraren Samsara (Lois Patiño) filmak irabazi du, eta kazetairek Jaione Camborda donostiarraren O corno nabarmendu dute.
Heriotzari buruzko hausnarketa dakar Samsara-k, erlijiotasun budistaren ikuspegitik, eta hain zuzen ere, Beatriz Navas, Santiago Tabernero eta Velasco Broca epaimahaikideek filma ikustearen esperientzia “konparaezina” azpimarratu dute, “bere originaltasuna, soinu diseinuaren kalitatea, 16mm-ko erabilera”. Hain zuzen ere, Xabier Erkizia sortzaile eta soinu-teknikari lesakarra arduratu da soinu-paisaia eraikitzeaz. Aldiz, epaimahaiaren sari berezia jaso du Lúa, techno y lo que queda de él (Carlos Baixauli) lanak.
Bestetik, Estubaliz Espinoza (Diario La Rioja), Beatriz Jordan eta Diego Sacristan (Caneda Ser La Rioja) kazetariek Donostia Zinemaldian Urrezko Kontxa irabazi duen O corno ekoizpen galiziarra aitortu dute: “Emakumeen errealitaterik gordinena intentsitate eta arreta handiz aurkezten duen filma da, amatasuna eta ahizpatasuna emakumeek beti egin duten bezala jorratzen dituena”.
Azkenik, Batalla de Clavijo ikastetxeko ikaskleek epaimahai gaztearen saria emateko eskumena izan dute. Virginia García del Pinok zuzendutako La estafa del amor izan dute gustukoena.
Esakaintza zabala
Hogei film baino gehiago pantailaratu dituzte Los trabajos y las noche zinema eta prozesu artistikoen festibalaren laugarren edizioan, eta horien sortzaileek bertatik bertara aurkeztu dituzte lanak. Abenduaren 9an abiatu zuten festibala eta Victor Iriarte zinemagile bilbotarraren Sobre todo de noche izan zen inaugurazioko filma. Horrez gain, Oskar Alegria nafarraren Zinzindurrunkarratz eta Ion de Sosa donostiarraren Mamántula euskal ekoizpenak izan dira Logroñon ikusgai.
Zinema emanaldiez gain, industriako profesionalekin topaketak, tailerrak eta performance-ak hartu ditu astebete iraun duen egitarauak.