Zinemaldiko sari nagusia irabazteaz gain, Michael Dillon zuzendari onena izendatu dute. Euskarazko Film Onenari emandako EiTB Saria Noizko basoa (Mikele Landa) film laburrak jaso du.
Edurne Pasaban alpinista eta enpresari tolosarra omenduz abiatu zuten abenduaren 8an BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiaren 16. edizioa, eta astebete luzez, mendiko zinemaren munduko hiriburu bilakatu da Bilbo. Europa, Ipar Amerika, Asia eta Ozeaniako 15 herrialde ordezkatuz, 57 pelikula proiektatu dituzte, eta iragan asteburuan eman diote bukaera historikotzat hartu duten ekitaldiari. Izan ere, jaialdian inoiz gertatu ez bezala, zinemagile berberak errepikatu egin du sari nagusia: Michale Dillonek 2020an lortutako loria berretsi du, oraingoan, The Great White Whale nabarmendu baitu epaimahaiak. Sortzailea, gainera, zuzendari onena izendatu dute. Australiako mendi garaiena eta bakartiena den Big Ben igo nahi duten mendizale eta marinelak protagonista dituen istorioa kontatzen du filmak, Ozeano Australaren sakonean dagoena.
Sail Ofizialean 51 lanek parte hartu dute, eta 4, aldiz, lehiaz kanpoko Zabalandi sailean erakutsi dira. Euskal Herriko ekoizpenei dagokienez, 12 filmen estreinaldia hartu du hitzorduak, eta aurretik aurkeztutako beste birekin batera –La Gara (Julen Elorza) eta Noizko basoa (Mikele Landa)- egon dira zinemaldiaren egoitzetan ikusgai. Hain zuzen ere, Landaren film laburrak EiTBk euskarazko lan onenari emandako aitortza jaso du. Elías Querejeta Zine Eskolako ikasle izanda garatu zuen lana, eta 70. Donostia Zinemaldiaren baitako NEST sailean aurkeztu zuen.
ELKARRIZKETA: MIKELE LANDA EIGUREN: “Saiatu naiz soinuari irudiari bezain besteko garrantzia ematen”
Bost kidez osatutako nazioarteko epaimahaiak baloratu ditu sail ofizialeko lanak, eta tartean, bi euskal herritar izan dira: Nerea Alberdi konpositore, orkestratzaile eta arreglista bilbotarra; eta Juantxo Zeberio Etxetxipia konpositore eta arreglista tolosarra. Horiekin batera, Eliza Kubarska zinemagile eta alpinista poloniarra, Michael Pause kazetari produktore eta idazle alemaniarra; Patricia Ayala zinemagile, ekoizle eta gidoilari kolonbiarra aritu dira epaimahaikide. Orotara, 24.800 euro banatu dira 12 saritan. Aitortza Nagusia jaso duen filmak Eguzkilore garaikurra eta 6 mila euro izan ditu opari; euskarazko lan onenaren EiTB Sariaren hartzaileak, aldiz, 2 mila euro. Gainera, 2022ko ekitaldiko Mendi Film Bizkaia Ternua Beka jaso zuen Oinez (Leire Egaña) proiektuak nazioarteko estreinaldia izan du Bilbon.
Jarraian palmares osoa:
- Sari nagusia: The Great White Whale (Michael Dillon)
- Zuzendari onena: Michael Dillon, The Great White Whale filmagatik
- Gidoi onena: Carnet et ossa (Roberto Zazzara)
- Argazki onena: La ligne de l’ange (Bertrand Delapierre)
- Epaimahaiaren saria: Resistance Climbing (Nick Rosen & Zachary Barr)
- Soinu banda onena: Eiko Ishibashi, Rope (Moe Wada) filmagatik
- EITB Saria Euskarazko Film Onena: Noizko badoa (Mikele Landa)
- Mendiko film onena: Rope (Moe Wada)
- Eskaladako film onena: Elevated (Palmer Morse)
- Kultura eta natura film onena: Carne et ossa (Roberto Zazzara)
- Kirol eta abentura film onena: Wild Waters (David Arnaud)
- Film labur onena: Crying Glacier (Lutz Stautner)
- Epaimahaiaren aipamen berezia: Chimborazo (Keila Cepeda)
Informazio osagarria, HEMEN.