Negu Kolektiboa, Víctor Iriarte, Carlos Muguiro, Elena Martín, Laura Ferrés, Javier Macipe, Isabel Coixet, Sara Mesa, JA Bayona, Belén Atienza, Belén Funes, Marçal Cebrián, Isabel Herguera eta Pablo Berger izango dira hizlariak. Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuan egingo dira saioak, eta izen-ematea doan da.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak, Koldo Mitxelena Kulturunearekin elkarlanean antolatua, hirugarrenez ospatuko da Zinegileen arteko elkarrizketak zikloa, Donostian. 2024ko lehen seihilekoan gauzatuko dira enkontruak, eta berriki estreinatu edota estreinatzear dauden proiektuekin lotutako gonbidatuak hartuko ditu. Zazpi saiok osatuko dute programa, eta Donostia Zinemaldiaren Z365 atalaren zein Elías Querejeta Zine Eskolaren partaidetza izango du.
Zinema ikasle zein zaletuei zuzenduta dago zikloa, eta zinemagileak beren ohiko kolaboratzaileekin elkarrizketan arituko dira, film baten ekoizpenaren eta errealizazioaren ikusten ez diren alderdiak hobe ulertzeko gako berriak emateko. Gipuzkoako Foru Aldundian egin dute egitasmoaren aurkezpena, eta Goizane Álvarez Kulturako diputatuak “Gipuzkoa zinemaren mundu liluragarrian murgiltzeko aukera” dela narbarmendu du. Parte-hartzaileen aniztasuna aldarri, egungo panorama zinematografikoaren aberastasuna islatzeko aukera eskainiko du Zinegileen arteko elkarrizketak zikloak, bada, Euskal Herriko zein Espainiako Estatuko profesionalen topagune izango da.
Jarraian duzue aurreikusitako egitaraua:
- Taldean zuzentzea: Negu Kolektiboa (Negu hurbilak) | urtarrilak 9
- Zinema eta beste diziplina batzuk: Víctor Iriarte eta Carlos Muguiro (Sobre todo de noche) | otsailak 13
- Opera primak: Elena Martín (Creatura), Laura Ferrés (La imatge permanent) eta Javier Macipe (La estrella azul) | otsailak 27
- Literatura egokitzapenak: Isabel Coixet eta Sara Mesa (Un amor) | martxoak 7
- Animazioaren egoera: Isabel Herguera (Sultanaren ametsa) eta Pablo Berger (Robot Dreams) | data zehazteke
- Zinema idaztea: Belén Funes eta Marçal Cebrián (La hija de un ladrón) | maiatzak 7
- Filmak ekoiztea: JA Bayona eta Belén Atienza (La sociedad de la nieve) | data zehazteke
Izen-ematea
Koldo Mitxelena Kulturuneko obrak direla-eta, Alde Zaharreko Santa Teresa komentuan egindo dituzte solasaldiak, 19:00etan, eta bertaratzea doan da. Hala ere, aldez aurretik izena eman beharko da https://gip.eus/zinema atarian, 2024ko urtarrilaren 8a baino lehen. Matrikulatutako pertsonek 72. Donostia Zinemaldiko sail ofizialeko edo Belodromoko proiekzioetarako bi gonbidapen jasoko dituzte. Halaber, inskripzio-fitxa betetzen lehen 30 lagunei festibaleko argitalpenaren ale bat oparituko diete.
Programak bere alderdi pedagogikoa nabarmenduko du edizio honetan, eta prestakuntzaren eremuan sakontzeko aukera emango du. Interesa dutenek Programazioaren lanbidearen inguruko proiekzioak eta bestelako ekitaldiak biltzen dituen Una semana programara joan ahal izango dute apirilaren 8tik 11ra. Gainera, martxoaren 4tik 7ra bitartean, Rick Prelinger artxibozain, zinemagile, idazle eta hezitzaileak emango duen tailerrera joan ahalko dira ere.