Iratxe Fresneda bizkaitarrak Mirentxu Loyarte zinemagile aitzindariari buruz ondutako filmak bi saio izango ditu. Gaur, Gasteizko Artium Museoan emango dute; bihar, Donostiako Tabakalera zentroan.
Euskadiko Filmategiak Euskal Emakume Zinemagileak zikloaren hirugarren edizioarekin hasi zuen urrian ikasturte berria, eta ordutik 70eko hamarkadaren hasieran jaiotako errealizadoreen lanak ari dira astero pantailaratzen, Gasteizko eta Donostiako egoitzetan. Bilboko Arte Ederren Museoan egin ohi ziren proiekzioak bertan behera geratu dira aldi baterako, Bizkaiko pinakotekako berritze lanak direla eta. Zikloaren helburua zuzendarion talentua eta lanak nabarmentzea da, eta horretarako, beraiek propio gonbidatzen dituzte filmak aurkez ditzaten.
Bada, gaur eta bihar, Iratxe Fresneda bizkaitarrak Mirentxu Loyarte zinemagile aitzindariari buruz ondutako Irrintziaren Oihartzunak filma egongo da ikusgai. Loyarte Europako zinemagintzaren aitzindari ausart horietako bat da, haren izena ezagun egin ez bada ere. Irrintzi (1988) eta Euskal emakumeak (1981) film laburren sortzaile nafarraren memoria eta obra miatu asmo dituen begirada bat proposatuko du Fresnedak zuzendutako dokumentalak; topaketa baten kontakizuna, hezur eta mamizko altxor zinematografiko baten bilaketa: gogoratzeko zailtasunak dituen pertsonaia batena, edo gogoratu nahi ez duena.
FILMOGRAFIAK: Mirentxu Loyarte
Filmaren emanaldiak Euskadiko Filmategiaren Gasteizko zein Donostiako egoitzetan egingo dituzte, 19:00etan hasita. Gaur, Artium Museoan; bihar, Tabakalera zentroan. Batera zein bestera Fresneda gerturatuko da. Sarrerak eskuragarri dituzue, jarraian.