Western garaikide estatubatuarrari eskainiko diote Nosferatu zikloa. Zinemak zientziarekin eta literaturarekin duen lotura aztertuko du egitarauak ere, besteak beste.
Helburu argi batekin diseinatu du Tabakalera – Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak 2024rako zinema eskaintza: ikus-entzule berriak erakartzea. Donostia Kultura, Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine Eskola eta Tabakalera bera dira urte osoko partekatutako pantailaren egitaraua atontzen duten erakundeak, eta datorren urtarriletik abendura bitartean jasoko dituen ziklo, atzera begirakoeta programak aurkeztu dituzte gaur, eraikineko zinema aretoan bertan.
Polar frantziarraren lekukoa USA western garaikideak hartuko du, hala, 1962tik 2021era bitartean sortutako generoko filmekin osatuko dute Nosferatu zikloa, Institut Valencià de Cultura – Filmoteca de la Generalitat Valencianaren lankidetzan antolatutakoa. Sam Peckinpahek zuzendutako Ride the High Country filmak emango dio hasiera, eta western krepuskularraren sei hamarkadak hartuko ditu beregain. Ondoko zinemagileen lanak egongo dira ikusgai: Peckinpah, John Ford, Henry Hathaway, Richard Mulligan, John Sturges, Richard Brooks, Kevin Costner, Kevin Costner, Clint Eastwood, Kelly Reichardt edota Jane Campion.
Ohi bezala, zikloaren baitan bi liburu argitaratuko dira: Carlos Aguilarek eta Pablo Fernándezek koordinatutako Western USA 1962-1992, Nosferatu Bildumako 20. alea (gaztelaniaz); eta Iñigo Marzabal EHUko irakasle eta ikerlariak koordinatutako euskarazko 12. argitalpena.
2024a, aldiz, Zinema eta Zientziaren zazpigarren edizioak abiatuko du, Oppenheimer (Christopher Nolan, 2023) filmarekin. Gainera, zinemaren eta literaturaren arteko harremanean sakontzeko aukera egongo da, Marguerite Duras idazle eta zinemagilea ardatz. Saioak Euskadiko Filmategiaren egoitzetara zabalduko dira, eta gonbidatu bereziek aurkeztuko dituzte. Urtarrilean bertan, eta otsailera bitartean, Bas Devos zuzendari eta gidoilari belgikarraren filmografia osoa ikusteko aukera eskainiko dute.
Udaberrian, Klasikoak zikloa izango da ikusgai, maisulanak berreskuratzeko asmoz pentsatutakoa. Uztailean Jazzinemak girotuko du hiria, eta Euskal Emakume Zinegileak IV programarekin agurtuko dute urtea. Aldiz, zinemagileen eta ikusleen arteko hurbilketa sustatuz, Kontatutako zinea, Kamaleoiak Gara! edota Zinema garaikidea proposamenek jarraipena izango dute.
Era berean, EQZEko 2023-2024 ikasturteko komisariotza espezialitateko zein EHUko ikasleak zinemako programa publiko bat aurkeztuko dute. Gainera, NEST, Noka eta Ikusmira Berriak programak martxa hartuko dute.
Azkenik, Zinemaldia + Plus eta Z365 programen baitan, urte osoan zehar zinema eskaintzak ez du etenik izango. Otsailean, European Climate Foundationekin elkarlanean antolatutako jasangarritasun-proiektuarekin lotutako saio bat egingo da, klima-aldaketarekin lotutako narratiba alternatiboei buruz hausnartzeko. Apirilean film laburrak izango dira protagonista, eta José Ángel Herrero-Velarde beken lehen edizioaren ondotik sortutako ikerketen aurkezpenak ere egingo dituzte. Irailean, Donostia Zinemaldiko Donostia Sarien filmografiarekin lotutako proiekzioak jasoko ditu Tabakalerak.
Zinema bonua
2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra (biak barne) zinema programazioaz gozatzeko aukera ematen duen zinema-bonua salgai jarriko du Tabakalerak. 120 euro ordainduz, 40 saiotara bertaratzeko eskumena izango dute eskatzaileek, baita Western USA 1962-1992, Nosferatu Bildumako 20. alea (gaztelaniaz) edota iazko zikloko Polar Frantziarra (Iñigo Marzabal) euskarazko liburua doan eskuratzekoa ere.
Bonua 2023ko abenduaren 15eko 12:00etatik aurrera eros daiteke, 2024ko urtarrilaren 31ko 12:00etara bitartean, bai Tabakaleraren webgunean eta bai zentroko informazio-puntuan. Egun eta ordu horretan irekiko da, halaber, urtarrileko eta otsaileko proiekzioei dagozkien ohiko sarreren salmenta.
Informazio osagarria, jarraian.