Estibaliz Urresola Solagurenek idatzi eta zuzendutako lehen film luzeak bederatzi hautagaitza eskuratu ditu XVI. Gaudi sariketarako, Kataluniako Zinemaren Akademiaren banaturiko golardoak eskuratzeko aukera gehien duen filmetako bat bilakatuz. Euskal ekoizpena duen Upon Entry eta Pablo Berger zinemagile bilbotarraren Robot Dreams zerrendan ageri dira ere.

Kataluniako Zinema Akademiak 2024ko otsailaren 4an banatuko ditu lurraldeko ekoizpen onenak aitortzea helburu duten Gaudi sariak, eta kategoria guztietan hautagai diren film eta profesionalen zerrenda argitu berri du. Bada, presentzia nabarmena du bertan euskal zinemagintzak, Estibaliz Urresola laudioarrak idatzi eta zuzendutako lehen film luzea buru dela.

Hain zuzen ere, kategoria nagusiak hartzen dituen bederatzi hautagaitza pilatu ditu 20.000 erle espezie filmak: Katalanaz besteko film onenarena; Zuzendaritza berri onenarena; Jatorrizko gidoi onenarena; Emakumezko aktore-protagonista onenarena; Zuzendaritza artistiko onenarena; Muntaia-lan onenarena; Bigarren mailako aktore onenarena; Argazki onenarena eta, azkenik, Soinu banda onenarena. Akademiak banaturiko golardoak eskuratzeko aukera erreala da, beraz,  Urresolarentzat.

Halaber, hautagaitza zenbateko majoa eskuratu du euskal ekoizpena duen Upon Entry thriller psikologikoak. Basque Films ekoiztetxe bilbotarraren parte-hartzea duen proiektuak Katalanaz besteko film onenaren saria, Zuzendaritza berri onenarena, Jatorrizko gidoi onenarena, Emakumezko aktore protagonista onenarena, eta Gizonezko aktore protagonista onenarena eskura ditzake.

Amaitzeko, Pablo Berger zinemagile bilbotarraren Robot Dreams animaziozko lana ageri da zerrendan. Kasu honetan, Animaziozko film onenaren saria, Egokitutako gidoi onenarena era Jatorrizko musika onenarena eskura ditzake proiektuak.

XVI. Gaudi Sarien banaketa ekitaldia otsailaren 4an, igandean, ospatuko da Bartzelonako Nazioarteko Konbentzio Zentroan (CCIB).

Ikusi hautagaien zerrenda osoa, HEMEN.