Pablo Berger zinemagile bilbotarrak zuzendutako lana arrakastatsu suertatu da Europako Zinemaren Akademiak Berlinen ospatutako galan.

Robot Dreams EFA 2023-zinea

European Film Academy Production gGmbH-eki batera antolatuta, Europako Zinemaren Akademiak abenduaren 9an banatu ditu urteroko garaikurrak. Berlinen egin dute 36. Europako Zinemaren Sariketa-ekitaldia, eta Pablo Bergerren Robot Dreams lanak animaziozko film onenaren aitortza jaso du. A Greyhoun Of A Girls (Enzo d’Alò), Chicken For Linda! (Chiara Malta eta Sébastien Laudenbach), The Amazing Gaurice (Toby Genkel) eta White Plastic Sky (Tibor Bánóczki eta Sarolta Szabó) izan ditu lehiakide.

Cannesen aurkeztu ostean, Annecyko jaialdian Contrechamp Sari Handia eskuratu zuen. Gerora, Toronto, Sitges eta Sevillako zinemaldietan erakutsi dute. Filmak Dogen, Manhattanen bizi den txakur bakartiaren, bizipenak ditu oinarri. Izan ere, egun batean robot bat eraikitzea erabakiko du, bere laguna izan dadin. Bien arteko adiskidetasuna handituz joango, udako gau batean, Dogek laguna agurtu beharko duen arte.

Lokiz Films ekoiztetxe nafarraren eta Arcadia Motion Pictures kataluniarraren babespean sortutako proiektua da Robot Dreams, Noodles eta Les Films du Worso ekoiztetxe frantziarrarekin koproduzitutakoa.

Etorkizun oparoa begi bistan

Nazioartean arrakastatsu izan ondoren, Espainiako Estatuko sariketa-ekitaldiei begira dago Robot Dreams filma. Asteburu honetan bertan, animaziozko obra onena izenda dezakete Forqué Sarien 29. edizioan, eta hiru kategoriatan da hautagaia Espainiako Zinema Berriemaileen Elkarteak banatzen dituen Feroz sarien 11. ekitaldian: komedia film onena, jatorrizko musika onena eta kartel onena.

Gainera, Espainiako Zinema Akademiaren 38. Goya sarien gauean protagonista izan daiteke. Animaziozko film onenaren sailean, egokitutako gidoi onenaren, muntaketa onenaren, eta soinu banda onenaren ataletan ageri da bilbotarrak zuzendutako lana.