Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxeak urte bukaera bitartean antolatutako ekitaldien baitan, zinemagile laudioarra bertaratuko da, gaur. 19:00etan abiatuko dute “Zinema erronka eta topaleku gisa” hitzaldia, eta sarrera doan izango da.
Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da Estibaliz Urresola Solaguren, Euskal Herriko Unibertsitate Publikoan, eta urte luzez aritu da lanean euskal zinemaren eta telebistaren industrian. 2011z geroztik, hainbat film labur idatzi, zuzendu eta ekoitzi ditu, hala nola ADRI (2013), POLVO SOMOS (2020) edota nazioartean errekonozitutako CUERDAS (2022). Hain zuzen, Cannesko Kritikaren Astean estreinatu zen bere azken laburra, eta nazioarteko hainbat jaialditik igaro ostean, izendapenak lortu zituen Forque Saria eta 2023ko Goya Sarietan.
2023an, halaber, 20.000 ESPECIES DE ABEJAS aurkeztu du, fikziozko bere lehen film luzea. Berlingo Zinema Jaialdian izan zuen Gariza Filmsek, Inicia Filmsek eta Sirimiri Filmsek ekoiztutako filmak mundu mailako estreinaldia, eta arrakastatsu suertatu zen: Sofia Otero aktore gazte basauriarra aitortu zuten sail ofizialeko interpretazio onenaren Zilarrezko Hartzarekin. Ostean, film onenaren Urrezko Biznaga irabazi zuen Malagako Zinema Jaialdian, eta Patricia Lopez Arnaizek emakumezko taldeko aktore onenaren Zilarrezko Biznaga.
2024ko otsailaren 10ean banatuko dituzten Goya sarien ekitaldian zinemagile berri onenaren saria eskura dezake Urresolak; guztira, 15 hautagaitza ditu 20.000 ESPECIES DE ABEJAS-ek, 14 kategoriatan.
Bada, gaur, 19:00etan, zinemagile laudioarra Gasteizera gerturatuko da. Ignacio Aldecoa Kultur Etxeak urte bukaera bitartean antolatutako ekitaldien baitan “Zinema erronka eta topaleku gisa” hitzaldia eskainiko du. Sarrera doan da, edukiera bete arte.