10 talde lehiatu dira 2023ko ekitaldian. Euskarazko lan onena izendatu duten sorkuntzak Durangoko Azokan ospatuko den DemaS.A. lehiaketan parte hartu ahal izango du abenduaren 8an.

Kine Rally 2023-zinea

Adin, nazionalitate, sexu… guztietako jendearentzat egokia den lehiaketa da Kine Rally, Amorebieta-Etxanoko Udalak eta Gariza Films ekoiztetxeak antolatutakoa. Zazpigarrenez ospatu dute aurten, azaroaren 30etik abenduaren 3ra bitartean, eta 10 taldek parte hartu dute. Bada, epaimahaiak jakinarazi duenez, indarkeria matxistaren bukaera finkatzen duen Origen (PaperFilm) izan da ekitaldiko irabazlea.

Aldiz, Txurruskitos taldearen Muxutruk komedia erromantikoa erabaki dute euskarazko lan onena. Bada, bihar, abenduaren 8an, Durangoko Azokan ospatuko den DemaS.A Sortzaile amateurren arteko deman parte hartu ahal izango du, non rally ezberdinen (Kameratoia, Zinebi Express, Getxoexpress, Portugalete Express, Labur esanda, 24 Ordu Digitalean) irabazleen aurka lehiatuko den.

48 orduko erronka

Azaroaren 30ean, 19:30ean, Zelaieta eraikinean bildu ziren parte hartzaileak, eta antolatzaileek bertan jakinarazi zieten talde guztiei jorratu beharreko gaia. Ostean, 48 ordu izan zituzten film laburra pentsatu, grabatu, muntatu eta aurkezteko. Abenduaren 2ko 19:00etatik 20:00etara entregatu behar izan zuten.

Behin epaimahaiak baloratuta, igandean, hilaren 3an, banatu zituzten sariak, 12:00etan. 750 euro banatu zituzten, bi film labur onenen artean. Lehenengo saria 500 eurokoa izan da; bigarrena, aldiz,  250 eurokoa.

Lan irabazleak ikusgai daude Kine Rally lehiaketaren YouTube kanalean.