30 film labur eta bideoklip erakutsiko dituzte 2024ko urtarrilaren 24tik 26ra bitartean egingo den ekitaldian.
Urtero bezala, Aretxabaletako Arkupen gauzatuko da Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia, Euskal Herriko sortzaileen film laburrak eta bideoklipak ezagutzera eman eta, bide batez, lanik onenak saritzeko xedez. Inaugurazio ekitalditik hasi eta Huhezinema saria banatu arte, jaialdiak esperientzia aberasgarria eskainiko du ikusleentzat. Bada, hiru egunez ikusleak hunkitu, inspiratu eta entretenitzeko moduko proiekzioak programatzeaz gain jartzeaz gain, beste hainbat ekimen antolatuko dira; zinemarekiko grina ospakizun kolektibo bihurtuz.
2024ko edizioa urtarrilaren 24tik 26ra bitartean egingo da, eta antolatzaileek dagoeneko ikusgai izango diren lanen zerrenda aurreratu dute. Guztira, 81 lan jaso dituzte deialdian, baina 30 izango dira finalistak. 10 filmek osatuko dute sail ofiziala, eta bertan da Goya saria irabazteko hautagaia den Txotxongiloa (Sonia Estévez) animaziozkoa. KIMUAK katalogoan aukeratutako eta Zinebi jaialdian saridun izan den Itziar Leemansen Ximinoa, ibilbide arrakastatsua egin duten Raul Barrerasen Arnasa eta Julen Zubieteren Agur artzai, edota Eneko Sagardoyren Betiko gaua opera prima iradokitzailea ere lehiatuko dira, besteak beste, epaimahaikideek zein ikus-entzuleek erabakiko dituzten sariak lortu asmoz.
Ikasle sailari dagokionez, azaldu dutenez, “ahalegin berezia egin da aurten ere sail hau euskal zinema ikasle guztiei zabaltzeko”. Hala, azken bi urteetan bezala, MUko ikasleen film laburrez gain, Larrotxene (Donostia), Mendizabala (Gasteiz), ECPV (Bilbo), Elias Querejeta zine eskola (Donostia), Centa Eskola, (Donostia) eta EHUko film laburrak onartu dituzte. Denera 10, eta taretan, Donostia Zinemaldiko NEST sailean parte hartu duen eta berriki Mendi Filmen erakutsiko duten Mikele Landaren Noizko basoa lana.
Azkenik, hirugarrenez antolatu dute Bideoklip saila, “gaur egun gazteen artean gehien kontsumitzen den ikus-entzunezko formatua” jasotzen duena. 10 bideoklip izango dira finalista.
Hautaketaren gorabeherak
Iban del Campo jaialdiaren koordinatzaileak adierazi duenez, “luxu bat izan da Euskal Herri osoko txoko guztietatik jasotako filmak eta bideoklipak ikusi eta hautaketa batzordea osatzen duten ikus-entzunezko ikasleekin eztabaidatzea”.
Eskarmentu handiko zinemagileen lanak zein hasiberrienak bilduko ditu Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiak, eta “sormen eztanda”-rekin pozik daude arduradunak. Halere, denbora kontuek eraginda hainbat lan kanpoan utzi behar izan dituztela azaldu du Del Campok: “Emanaldiak egiteko orduan denbora mugatua dugunez, interes handiko lanak ezin izan ditugu aukeratu finalista eta horrek badu frustrazio puntu bat”.
Ezagutu Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren 2023ko edizioan lehiatuko diren film guztien zerrenda, HEMEN.