Pedro Duranak eta Doru Ionut Prisacariuk (Seiekipo) zuzendutako dokumental berrienarekin agurtuko du zineklubak 2023 urtea. Abendurako prestatu duten egitarauak zinema errumaniarari buruzko zikloa hartuko du.
Gernika-Lumoko zineklubak urrian eman zuen abendura arteko egitarauaren berri, eta oraingoan, urte bukaerako azken proposamenak argitu ditu. Ohi bezala, bi astean behin, ostiraletan, Lizeo Antzokian egingo dituzte saioak, 20:00etan. Tartean baina, zinema errumaniar garaikideari eskainitako ziklo berezia eskainiko dute. 2023a agurtzeko, gainera, zineklubeko kideez osatutako Seiekipo kolektiboaren Agur Santa Clara dokumentala estreinatuko dute.
- Abenduak 1: Retour à Séoul (Davy Chou, 2022)
Kapritxoz, Freddie, hogeita bost urtekoa, jaioterri duen Hego Koreara itzuliko da lehen aldiz. Neska gaztea sutsu abiatuko da, arrotza zaion herrialde horretan barrena, bere jatorriaren bila, norabide berri eta ustekabekoetara makurtuz.
- Abenduak 15: L’innocent (Louis Garrel, 2022)
Sylvie, 60 urteko emakume bat, kartzelatik irtetear dagoen Michelekin maitemindu da. Loradenda bat ireki nahi dute elkarrekin, bizitza berri bati ekiteko. Alabaina, Sylvieren seme Abelek begi txarrez ikusten du harreman hori, Michelek berriz delituren bat egingo duela uste baitu. Clémence bere lagunik onenarekin ikertzen hasi eta Abelek ulertuko du iritziz aldatu behar duela.
- Abenduak 26: Metronom (Alexandre Belc, 2022)
Bukarest, 1972. Anak 17 urte ditu eta maitasuna eta askatasuna ditu amets. Gau batean, lagunarteko festa batean, Metronomi gutun bat idaztea erabakiko dute, Free Europe irratiak Errumanian ezkutuan transmititzen duen musika-saioari. Une horretan iritsiko da Securitate-a, Ceaușescuren polizia sekretu beldurgarria.
- Abenduak 27: R.M.N. (Cristian Mungiu, 2022)
Gabonak baino egun batzuk lehenago, Matthias bere sorterrira itzuliko da, Transilvaniara, Alemanian lanean ari zela abandonatu zuen semearekin harremanetan jartzeko. Han, semearen heziketan gehiago inplikatzen saiatzen den bitartean, lasaitasuna eten egingo da bertako enpresa batek langile atzerritarrak kontratatzea erabakitzen duenean. Frustrazioak, gatazkak eta grinak berriro azaleratu eta komunitatearen itxurazko bakea hautsiko da.
- Abenduak 29: Agur Santa Clara (Pedro Durana eta Doru Ionut Prisacariu, 2023) + Gure bizitzaren filmak (Pedro Durana eta Doru Ionut Prisacariu, 2022)
Santa Klara komentuko monjek Gernika utzi dute. Dokumental honek Gernikako herriak bere irteerari egindako agur-omenaldia kontatzen du. Ostean, Zine Klub Gernikaren 40. Urteurrenaren harira sortutako filma berriz ikusteko aukera eskainiko dute, Lizeo Antzokian.