Iurre Telleriak eta Enara Goikoetxeak Comète sareak Bigarren Mundu Gerran egindako lanari buruz ondutako filmak bi saio izango ditu. Gaur, Gasteizko Artium Museoan emango dute; bihar, Donostiako Tabakalera zentroan.
Euskadiko Filmategiak Euskal Emakume Zinemagileak zikloaren hirugarren edizioarekin hasi zuen urrian ikasturte berria, eta ordutik 70eko hamarkadaren hasieran jaiotako errealizadoreen lanak ari dira astero pantailaratzen, Gasteizko eta Donostiako egoitzetan. Bilboko Arte Ederren Museoan egin ohi ziren proiekzioak bertan behera geratu dira aldi baterako, Bizkaiko pinakotekako berritze lanak direla eta. Zikloaren helburua zuzendarion talentua eta lanak nabarmentzea da, eta horretarako, beraiek propio gonbidatzen dituzte filmak aurkez ditzaten.
Bada, gaur eta bihar, Iurre Telleriak eta Enara Goikoetxeak Comète sareak Bigarren Mundu Gerran egindako lanera egindako hurbilketa aurkeztuko dute Azken bidaia (2011) film luzearekin. Testigantza zuzenekin osatutako lana da, eta zuzendarien hitzetan, eta 2011ko Donostia Zinemaldiko aurkezpenean azaldu zutenez, lan handia egin behar izan zuten haiekin harremanetan jartzeko.
Alemaniako nazien erasoengandik bizirik atera ziren pilotu aliatuak Britainia Handira ateratzeko sare klandestinoa eratu zuten Bidasoako mugan, Irun eta Nafarroa inguruan, II. Mundu Gerra bitartean. Donostia giltzarri zen sarearen antolaketa eta funtzionamenduan, eta gizon-emakume euskaldun askok pilotuak etxean hartu zituzten eta gida moduan lagundu zieten ezkutuan ihes egiten. Orotara 700 lagun inguru salbatu zituztela uste dute auzia ikertu duten historialariek, eta 200 bat euskaldun hil zituztela aliatuei laguntzeagatik.
Filmaren emanaldiak Euskadiko Filmategiaren Gasteizko zein Donostiako egoitzetan egingo dituzte, 19:00etan hasita. Gaur, Artium Museoan; bihar, Tabakalera zentroan. Batera zein bestera Iurre Telleriak eta Enara Goikoetxea gonbidatu dituzte zikloaren antolatzaileek.