Estibaliz Urresolaren opera prima 14 kategoriatan da estatuatxoa lortzeko hautagaia, eta 15 sari lor ditzake. Juan Antonio Bayonaren La sociedad de la nieve lanak, 13 sari; eta Victor Ericeren Cerrar los ojos-ek 11 .

Goya 2024-zinea

2024ko otsailaren 10ean banatuko ditu Espainiako Zinema Akademiak 38. Goya sariak, eta euskal zinemagintzak zeresana izango du. Anna Castillo eta Luis Tosar aktoreek gaur argitu dituzte 28 ataletako finalistak, eta gainerako ekoizpenen gainetik, nabarmen, Estibaliz Urresola Solagurenek zuzendutako 20.000 erle espezie filma ageri da: 14 kategoriatan da estatuatxoa lortzeko hautagaia. Besteak beste, film onenaren, zuzendari berri onenaren (Urresola), emakume aktore protagonista onenaren (Patricia Lopez Arnaiz) edota taldeko emakume aktore onenaren (Ane Gabarain eta Itziar Lazkano) aitortzak jaso ditzake Valladoliden egingo duten ekitaldian.

Berlingo Zinema Jaialdian hasi zuen filmak bere ibilbide arrakastatsua, eta 200 sari baino gehiago irabazi ditu dagoeneko. Belinen, sail ofizialeko interpretazio onenaren Zilarrezko Hartzarekin aitortu zuten Sofia Otero protagonista, baina aktore basauriarrak ezin izango du oraingoan taula gainera igo, oinarriek ahalbidetzen duten gutxiengo adinera ez baita iristen. Hala ere, proiektuaren parte izan diren beste hainbat kide txalotzeko aukera izango du.

Jarraian dituzue 20.000 erle espezie filmaren hautagaitza guztiak:

  • Film luze onena: 2000 erle espezie (Gariza Films, Inicia Films eta Sirimiri Films)
  • Zinemagile berri onena: Estibaliz Urresola Solaguren
  • Emakume aktore protagonista onena: Patricia Lopez Arnaiz
  • Taldeko emakume aktore onena: Ane Gabarain eta Itziar Lazkano
  • Taldeko gizonezko aktore onena: Martxelo Rubio
  • Jatorrizko gidoi onena: Estibaliz Urresola Solaguren
  • Soinu onena: Eva Valiño, Koldo Corella, Xanti Salvador
  • Argazki zuzendaritza onena: Gina Ferrer García
  • Arte zuzendaritza onena: Izaskun Urkijo
  • Efektu berezi onenak: Mariano García Marty, Jon Serrano, David Heras, Fran Belda, Indira Martín
  • Jantziteria diseinu onena: Nerea Torrijos
  • Makillaje eta ile-apainketa onenak: Ainhoa Eskisabel, Jone Gabarain
  • Ekoizpen diseinu onena: Pablo Vidal
  • Muntaketa onena: Raul Barreras

Ekitaldiko sari preziatuena eskuratzeko lehian, 20.000 erle espezie filmak lehiakide garrantzitsuak izango ditu. Izan ere, dagoeneko Hollywoodera begira dagoen La sociedad de la nieve (Juan Antonio Bayona) film epikoak eta Victor Erice karrantzarraren Cerrar los ojos itzulerako filmak zeresana eman dute. Zerrenda Isabel Coixeten Un amor eta David Truebaren Saben Aquell  lanek osatuko dute.  Denak ere, Elena Martín Gimeno (Creatura) kataluniarrarekin batera, zuzendari onenaren kategorian irabazle izan daitezke.

Aldiz, zinemagile berri onenaren kategorian, Urresolaz gain, Itsaso Arana nafarra ere ageri da. Las chicas están bien zuzentzeagatik sartu dute finalisten artean, euskal koprodukzioa duen Upon Entry-ko Alejandro Rojas eta Juan Sebastián Vásquezekin; azken honetan aritu den Alberto Ammann, gainera, gizonezko aktore onenare atalean ageri da. Xinyi Ye zein Yeju Ji emakumezko aktore berri onenak izenda ditzakete Arantxa Echeverriaren Chinas-en egindako lanagatik, baita Janet Novás ere, 71. Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi duen O Corno-ko (Jaione Camborda) protagonista.

Bestalde, Michel Gaztambide (Cerrar los ojos) eta Félix Viscarret (Una vida no tan simple) gidoi onenaren kategorian daude. Euskal Herriko ekoizpena duen eta lurraldean errodatu den Carlota Peredaren La ermita laneko efektu bereziez arduratu diren Eneritz Zapiain eta Iñaki Gil “Ketxu” Goya sarriako hautagaiak dira ere, eta taldeko gizonezko aktore onenaren kategorian sartu dute Juan Carlos Vellido, Generazinema Producción laguntzari esker ekoiztutako Bajo Terapian (Gerardo Herrero) egindako lanagatik.

Animazioan ere sendo

Jakina da euskal zinema industriak apustu sendoa egin duela azken urteotan animazioaren alorrean. Eta aurten ere hala islatu da. Film luzeen kategorian, Sultanaren ametsa Isabel Herguera donostiarraren opera prima, Pablo Berger bilbotarraren Robot Dreams eta Lorena Aresen Hanna y los monstruos finalista izendatu dituzte. Azken hau egokitutako gidoi onenaren, muntaketa onenaren, eta soinu banda onenaren ataletan ere sartu dute akademikoek.

Film laburrei dagokienez, NIFF zein Zinegoak jaialdietatik igaro den Txotxongiloa (Sonia Estevez), eta nazioarteko hainbat ekitalditan erakutsi duten Uniko ekoiztetxe bilbotarraren To Bird or not to Bird (Martin Romero) erabaki dituzte behin betiko hautagai izateko.

Ezagutu zerrenda osatua, HEMEN.

Irakurri filmen kritika guztiak, HEMEN.