Carolina Caycedo artista kolonbiarraren Adiskideen lurraldea erakusketaren esparruan, Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoan Insumisas. Mujeres en lucha en el Sáhara Occidental eta DESERT PHOSfate lanak egongo dira ikusgai. Bi saioak 19:00etan izango dira.

Sahara-zinea

Arabako SEADen Lagunen Elkartearekin lankidetzan, Artium Museoak Saharako herrian bizi duten askotariko indarkeria islatzen duten bi film eskainiko ditu abenduan. Ikusgai izango diren ekoizpenetan lurraldeak erauzteko proiektuak, horiek ahalbidetzen dituzten estatu-indarrak eta diskurtso kolonial nagusiak erakutsiko dituzte, gainera, ustiapen horiek aurrerapenaren eta zibilizazioaren izenean nola normalizatzen dituzten hausnartuko da.

Urriaren 6az geroztik bisitagarri dagoen Carolina Caycedo artista kolonbiarraren Adiskideen lurraldea erakusketaren baitan atondu dituzte saioak. Izan ere, bertan munduko hainbat lekutan energia-azpiegiturak (proiektu hidroelektriko handiak), eraikitzearen aurka dauden gizarte-mugimenduei eta komunitate-erakundeei buruzko ikerketaren inguruko lan zabala biltzen da.

Abenduaren 13an egingo dute lehenengo zinema emanaldia, eta Insumisas. Mujeres en lucha en el Sáhara Occidental (Laura Dauden eta Miguel Angel Herrera, 2023) filma egongo da ikusgai. Marokoko erresumaren kolonialismoaren eta Sahararen espoliazioaren aurkako sahararraren erresistentziaren lehen lerroan egon diren emakumeak ditu protagonista: “Ekintzaileen esperientziekiko begirada sentikor eta hurbil batekin, oso ezagunak ez diren animazio eta datu estatistikoekin osatua, Insumisas filmak prozesu historiko hau aurkezten du, protagonisten ahotsetan oinarrituta, nazioarteko biktimen, ikertzaileen eta ekintzaileen rol hirukoitzean”.

Emanaldia eta gero, Irantzu Mendia Azkue ikertzaile eta Hegoa Institutuaren zuzendariak hitza hartuko du, Que salga todo a la luz txostenaren ondorio nagusiak azalduz. Ostean, El Ghalia Djimi eta Mina Baali giza eskubideen defendatzaile eta ekintzaile sahararren parte-hartzearekin.

Abenduaren 20, bestalde, Mohamed Sleiman Labat artista sahararraren DESERT PHOSfate (2023) film dokumentala emango dute, basamortuko errealitate, metafora eta poetika irudimentsuak kontatzeko moduak aztertzen dituena. Fosfatoaren historia kontatzen da bertan, harea-partikulei, landareei eta gizakien desplazamenduei buruzko narrazioen askotariko geruzak arakatuz. Era berean, praktika kolonialen, erauzketa antropozentrikoen hondarren eta mundua ezagutzeko eta kontatzeko antzinako moduen galeraren arteko lotura azpimarratzen du.

Filmaren zuzendariak eta Taleb Brahim lurra berreskuratzeko lanean ari den ingeniari agronomo sahararrak hitza hartuko dute ondoren.