Ryszard Kapuscinski kazetariaren autobiografian oinarrituta, Angolak Portugalgo kolonia gisa emandako azken egunak kontatzen dituen Beste egun bat bizirik (2018) filma emango dute gaur iluntzean, ETBren Zinea Zetaz saioan. Itziar Ituñok aurkeztuta, 22:30ean abiatuko da saioa.

EiTB euskal komunikazio taldeak ikasturte berrirako atondutako egitaraua aurkeztu zuen irailean, Gasteizen. Unai Iparragirre ETBko zuzendaria eta aurkezle nagusiak hartu zuen hitza, eta lehen hilabete hauetan euskal telebistan ikusgai izango diren saio, lehiaketa eta programen eskaintza argitu zuen, entretenimenduan maila bat gora egin nahi zutela adieraziz.

Udazkenari lotutako edukien baitan, euskal zinemari eskainitako tarte baten sorrerak eman zigun pozerako aitzakia. Izan ere, Euskal Herrian ekoiztutako film garaikideak programatzen ari da Euskal Telebistaren euskarazko katea, ostegunetan, 22:30ean hasita. Zinea Zetaz izeneko saioak Itziar Ituño eta Eneko Sagardoy aktoreak ditu aurkezle, eta txandaka aritzen dira ikusgai izango den pelikularen xehetasunak aurkezten.

Beste egun bat bizirik

Bada, Beste egun bat bizirik (2018), Animaziozko film onenaren Goya saria lortu zuen filma, emango dute gaurko saioan. Ryzszard Kapuscinski kazetari poloniar ospetsuak idatzitako izen bereko eleberrian oinarritzen da Kanaki Films euskal ekoiztetxeak koprodukzioan garatutako lana, eta Kapuscinski beraren irudi biziduna da filmaren protagonista.

1975ean Angolara bidaiatuko du, eta mundu eragina duen gerra ahaztu batean borrokan topatuko ditu bertako gazteak. Ezagutuko duen panoramak bizitzarekiko duen ikuspegia aldatuko dio betiko. Ikusitakoak ikusita, konturatuko da ez duela nahikoa kazetari lanarekin, eta bere jarduna birplanteatuko du. Kazetariak Angolan emandako hiru hilabeteen kontakizun gordina egingo du ikus-entzunezkoak.

Besteak beste, 66. Donostia Zinemaldiaren baitako Euskal Zinemaren Irizar saria eta  Donostia Hiria publikoaren saria jasoko zituen Raul de la Fuente eta Damian Nenow zinemagileen filmak.