Aldatu Gidoia Euskararen alde kanpaina herritarreko kideek agerraldia egin zuten atzo, azaroaren 20anEusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean. Legebiltzarkideei kanpainaren aldarrikapenak ezagutzera eman dizkiete eta 2024ko Eusko Jaurlaritzako kultura politiketan eta aurrekontuetan eskariak aintzat har ditzaten eskatuko diete.

Euskal Herriko hainbat eragileren babesa jasotzen ari da kanpaina irailaren 9an martxan jarri zutenetik. Lakuako gobernuari kultura eta ikus-entzunezkoen politikak errotik aldatzeko, euskara erdigunean jartzeko eta euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen eskaintza duin, zabal, erakargarri eta eguneratua urgentziaz osatu dezaten eskatzeko bildu ziren Gasteizen, eta orain, bigarrenez errepikatu dute. Gainera, aurreratu dutenez, 2024ko maiatzaren 18rako norbanako eta eragile guztiak elkartuko dituen mobilizazioa deitu dute.

Gaur gaurkoz, 2450 sinaduratik gora bildu dituzte eta atxikimendua jasotzen jarraitzeko asmoa agertu dute. Euskalgintzako, hezkuntzako, kirol arloko zein ikus-entzunezko alorreko norbanakoek, kazetariek, legegileek, sindikalistek, kulturgileek eta diziplina anitzeko 32 gizarte-eragilek ere babestu dute ekimena.

Bada, 2022an UEMAko udalerrietan egindako azterketaren emaitzak izan dituzte hizpide agerraldian. Izan ere, oso modu agerikoan erakusten dute euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa oso urria dela, besteak beste, euskarazko kalitatezko eskaintza oparorik ez dagoelako. Are, azaldu dute gehien kontsumitzen diren plataformetan euskara ia ez da agertu ere egiten, eta, hortaz, eduki ikusienak ez daudela euskaraz.

Honen aurrean, urgentziazkoa deritzote euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza erakargarria osatzea eta jendarteari eskuragarri jartzea.

Kanpainaren eskariak

Aldatu Gidoia Euskararen Alde kanpainako kideek euskararen eta euskaldunen hizkuntza eskubideen alde ‘gidoia aldatu’ eta euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza ‘zabal, duin, eguneratu eta erakargarria’ osatzeko deia luzatu diote Eusko Jaurlaritzari.  Hainbat puntu biltzen ditu eskariak:

  • Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren urteko aurrekontuaren %5a euskarazko ikus-entzunezkoetara bideratzea. Ehuneko horretako bi heren euskaraz ekoitzitako lanak finantzatzeko diru-laguntza lerro propioa sortzera bideratzea litzateke ideia, eta gainerako herena zinema eta plataformetarako edukiak euskarara bikoizteko diru-laguntza lerroa sortzera.
  • EITBk Euskal Herriko zazpi lurraldeak aintzat har ditzala, honen aurrekontuaren %75 euskarazko eduki eta programetara bideratzea eta eduki guztiak euskara bikoiztuta edo azpidatzita ematea ere eskatu diote.
  • Diru publikoz finantzatutako euskarazko bikoizketa/ azpidatzi guztiak egokitu eta plataformetara helaraztea, Espainiako Estatuko Ikus-entzunezko Legeak agintzen duen bezala.
  • Inklusioaren eta hizkuntza-normalizazioaren ikuspegitik, azpidatzien erabilera-politikak diseinatu eta erabilera orokortzea.
  • Zineman eta plataformetako euskarazko estreinaldiak iraunkorki promozionatzea. Oro har, euskaraz sortu, bikoiztu eta azpidatzitako lanen ondare publikoa babestea, zaintzea eta hedatzea.
  • EITBn euskarazko kulturari eta sortzaileei lehentasunezko tokia egitea, gutxieneko kuotak ezarriaz.
  • Bideojokoen industriako ehun asoziatiboarekin eta enpresarialarekin harremanak sortzea eta lan egitea

Aldatu Gidoia Euskararen Alde kanpaina herritarrari buruzko informazioa, eta sinatzeko aukera, HEMEN.