Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren XXIII. edizioak ere asteburuan ebatzi du bere palmaresa. Hubert Béassek zuzendutako Tèviec lana gailendu da zinema eta arkeologia batu dituen programazioko hogeita hamar filmen artean.

Zinema eta arkeologia gustuko dutenek hogeita hamar film luze eta labur inguru biltzen dituen programazioaz gozatzeko aukera izan dute astebetez, FICAB jaialdiak aurkeztutako egitarau oparoari esker.  Aurreko edizioan bezala, aurten Espainia, Frantzia eta Italiatik datozen filmak izan dira nagusi, eta horren adierazle izan da ere epaimahaikideek ebatzitako palmaresa.

Isabel Izquierdo buru zutela, Juantxo Agirre, Julieta Juncadella, Eneko Sagardoy eta Mertxe Urteaga arduratu dira aurtengoan filmak baloratu eta irabazleak izendatzeaz. Hala, Hubert Béasse Tèviec filma izendatu dute garaile, “hilobi mesolitiko baten indusketaren inguruko istorio liluragarri bat kontatzerakoan erakusten duen aberastasun eta zehaztasunagatik; kalitate zinematografiko handiko -formatu eta denbora desberdinak konbinatzen baititu- eta zorroztasun handiko eta, aldi berean, zirrara handiko filma delako”.

Aldiz, Nagore Rementeriak eta Iñaki Leturiak zuzenduriko Erromatarren arrastoak oinen azpian lanak eskuratu du balio pedagogikoak hobekien jasotzen dituen filmari dagokion Hezkuntza Sailaren saria, “filmaren pedagogia- eta dibulgazio-kalitateagatik. Gure hiriaren azpian iraganeko arrastoak egoteak planteatzeko freskotasuna eta originaltasuna, eta Oiassoren eta Irungo erromatarren garaiaren historia hain modu entretenigarri eta dinamikoan hurbiltzeagatik”.

Era berean, Alexis de Favitskik eta Pierre Stinek zuzenduriko Le vrai visage des vikings lanak izendatu dute Zientzia Dibulgazioaren Arkeolan sariaren irabazle, “arkeologiaren eta bere zientzia osagarrien gaitasuna modu atsegin eta ulergarrian erakusteagatik, aurre iritziak baztertzen laguntzeagatik eta gizarte baten egunerokotasuna ulertarazten laguntzeagatik”.

Amaitzeko, Javier Trueba zuzendariaren Nekropoli baten istorioa lanak eskuratu du Publikoaren Sari Berezia, ikusleek banatu dituzten puntu gehien bilduta.