Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen duen Giza Eskubideen Zinema Erakustaldia azaroaren 20tik 24ra ospatuko da Azkuna Zentroaren baitako Golem Zinemetan. Genero indarkeria, aniztasuna, nortasunaren bilaketa eta Giza Eskubideen aldeko borroka izango dira aurtengo edizioan jorratuko diren gaiak.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzaren bidez, sustatzen duen ZINEXIT -Giza Eskubideen Zinema Erakustaldia, Bilbora itzuliko da aurten ere, erreferentziazko zinema-lanetatik abiatuta, publikoa oinarrizko eskubideei buruzko gogoeta egitera gonbidatzeko. Zineforum klasikoen ohiko eskemari jarraituta egingo dute ariketa hori: film baten proiekzioa eta, ondoren, ikus-entzule guztiei irekitako solasaldia

Bada, hamahirugarren ediziora heldu den ekimenak oso egitarau interesgarria aurkeztuko du egunotan, nazioarteko zinema berrienaren lau titulurekin eta Hollywoodeko klasiko batekin. Berezitasun gisa, gainera, nabarmendu dute lehen aldiz fikziozko generoaren baitakoak izango direla proiektatuko diren film guztiak.

Gaurtik, azaroaren 20tik, 24ra (ostirala) bitartean egingo dituzte saioak, ohi bezala Azkuna Zentroko Golem zinema-aretoetan. Emanaldiak 19:30ean hasiko dira (19:00etan izango den ostegunekoa izan ezik), sarrera doakoa izango dute eta gonbidapenak aipatutako zinema-aretoetako leihatiletan jaso daitezke jada. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, urtengo egitaraua osatzen duten filmen erakargarritasunari ZINEXITeko proiekzio bakoitzaren ondorengo solasaldietara gonbidatutako pertsonen balio erantsia gehituko zaio.

Hala, XIII. edizioa Arantxa Echevarria zuzendari eta gidoilari bilbotarraren Chinas (2023) filmarekin hasiko da. Film luzeak Lucia, Xiang eta Claudiaren istorioa kontatzen du. Jatorri txinatarra duten hiru neska horiek Madrilen bizi dira, baina euren errealitateak guztiz desberdinak dira. Hiru istorioak gurutzatu eta banandu egiten dira, baina helburu komun bati eusten diote: norberaren nortasunaren bilaketa.  Proiekzioa amaitzean, solasaldia egingo da, eta bertan Arantxa Echevarria filmaren zuzendariak eta Xinji Ye aktore protagonistak hartuko dute parte.

 

Asteartean, hilaren 21ean, Mona J. Hoel zuzendariaren Night (2022) film norvegiarra aurkeztuko da, genero indarkeriari buruzko istorio bat. Bi edo hiru hilabeteko bizia geratzen zaion emakume baten kezka kontatzen du, zehazki, bere heriotzaren ondoren seme-alabak esku onetan gera daitezen egingo duen borroka, bere bizitza infernu bilakatu zuen senar ohiak bere zaintzapean har ez ditzan. Filmaren ondorengo solasaldian izango dira Oscar Fernandez Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Unitateko komisario burua, eta Ana Aldekoa Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako Zuzendaritzako teknikaria.

 

Asteazkenean, hilaren 22an, Irango errealitate asaldatura egingo dute hurbilketa, Until tomorrow (2022) filmarekin. Teheranen, ustekabean hirira iritsitako guraso zorrotzengandik ihesean, bi hilabeteko ume baten ama ezkongabeak egindako bidaia izango du hizpide. Amnesty International erakundeko Jesus Alvarezek hartuko du parte solasaldian.

 

Ostegunean, hilaren 23an, urteko film sarituenetako baten txanda izango da: 20.000 erle espezie (2023). Trans neskato baten nortasunaren bilaketa eta horren ondoriozko familia-harremanen katarsia lantzen du filmak, Estibaliz Urresola zuzendariaren begiradatik. Urresola bera eta Beatriz Sever NAIZEN Elkarteko ordezkaria izango dira filmaren osteko solasaldiko protagonistak.

 

Billy Wilder zuzendariaren Witness for the Prosecution (1957) klasikoarekin emango zaio amaiera Giza Eskubideen oinarri izango dituen mostrari. Filma suspentsean eta intrigan barneratzen da, eta lan atipikotzat jotzen da sei Oscar Sari irabazi zituen zuzendari estatubatuar mitikoaren eta komedia amerikarraren maisu handiaren filmografian. Izan ere, estreinatu zenetik 65 urte baino gehiago igaro ondoren, bere horretan kontserbatzen ditu freskotasuna eta originaltasuna, eta Wilderren obran gehien errepikatzen diren zenbait elementu jorratzen ditu, hala nola engainua, identitatearen sentikortasuna, moralaren hauskortasuna, giza harremanen narriadura…

 

Ikusi egitaraua xehe, HEMEN.