Azaroaren 17tik 25era bitartean egingo da Xixongo Nazioarteko Zinemaldiaren edizio berria, eta sail ofizialaz harago, euskal parte hartzea duten ekoizpenak erakutsiko dituzte. Batez ere, ZINEBIn eta Donostia Zinemaldian parte hartu dutenak.
FICX – Xixongo Nazioarteko Zinemaldiak gaur abiatuko du 61. edizioa, eta urtero legez, nazioarteko autore zinema onenaren habia izango da. Sail ofizialean, Hong Sang-soo hego-korearraren, Catherine Corsini eta Philippe Garrel frantziarren, Stephan Komandarev bulgariarraren, Radu Jude errumaniarraren edota Lisandro Alonso argentinarraren lan berrienak egongo dira ikusgai. Euskal ekoizpenak ez dira jaialdiko sari nagusiaren lehian izango, hala ere, bestelako sailetan ikusgai izango dira zenbait proiektu.
Iaz abiatutako lankidetzari jarraituz, 65. ZINEBI – Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko Film Laburren Nazioarteko Sail ofizialean estreinatu diren bi lan erakutsiko dituzte. Batetik Laida Lertxundiren IN A NEARBY FIELD obran egunerokotasuneko eszenak paisaia oparoak, eta bizitza osatzen eta eusten duten une iragankorrak uzartuko dira; Ren Ebel artista kaliforniarrarekin batera ondu du. Bestetik, Eneko Sagardoy durangarraren lehen lanean, BETIKO GAUA, punta-puntako aktore-taldeak parte hartu du. Sumendi Film, Galapan eta Ikusgarri Films ekoiztetxeen babesa duen proiektua da, thriller eta noir itxura duena.
KRONIKA | ZINEBI65: Emakumeen ahotsari ohore
Bestetik, 2018an adostutako CROSSROADS – Zinemaldia | FICX zikloaren baitan, jaialdi donostiarrean ezagutu diren zenbait pelikula ere emango dituzte, tartean, Isabel Herguera zuzendari donostiarraren SULTANAREN AMETSA / EL SUEÑO DE LA SULTANA animaziozko film luzea. Rokeya Hussain indiarrak idatzitako izen bereko ipuin feministan oinarrituta dago, 1905ean argitaratutakoa; emakumeek gobernatzen duten mundu utopiko eta imajinarioa deskribatzen da bertan.
KRITIKA | SULTANAREN AMETSA: Milaka isilune
Emanaldi bereziei dagokien tartean, lau film labur aurkeztuko dira. Batetik, 2022ko KIMUAK katalogoan aukeratutako eta berriki 71. Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatutako CONTADORES (Irati Gorostidi), 1978an metalaren hitzarmen berri baten negoziazioen pean girotuta dagoena. Bestetik, BALLENAS APLASTADAS POR EL HIELO (Andrea Jaurrieta) dokumentalak 2015era eramango gaitu: “2008an munduko ekonomiaren kolapsoa gertatu eta zazpi urtera, ia hogeita hamar urteko bost lagunek era guztietako lan prekarioetan lan egin behar dute oraindik, pisu penagarrietan bizi dira edo beren gurasoekin bizitzera itzuli behar izan dira, antzezlan bat sortzen saiatzen ari diren bitartean. Beste zazpi urte geroago, beste krisialdi baten atarian —edo krisialdi amaigabe batean murgilduta—, prekaritate haren eta ilusio horien irudiak gauza poetiko bihurtu dira, gure orainaren ispilu”.
KRITIKA | CONTADORES: Fabrikak, gizartearen ispilu
Aldiz, 17. Punto de Vista jaialdi nafarretik datorren AL BORDE DEL AGUA (Maria Elorza eta Iñigo Salaberria) obran, zinemagile gasteiztarrak bideo artista errenteriarrak inoiz erabili gabeko ‘proba irudiei’ forma ematearen ardura hartu du, 1984 eta 1988 urte bitartean grabatutako bilduma berpiztuz. Azkenik, SÍSIFO (Xabier Eizaguirre) animaziozko lan laburra ere egongo da ikusgai: “Kondairak dio Zeus Jainkoak Sisifo azpimunduan bizitzera zigortu zuela heriotzari eta Jainkoei iruzur egiteagatik. Haitz erraldoi bat mendian gora bultzatzea izan zen Sisiforen zigorra, bultza eta bultza. Baina harria goraino eramaten zuen bakoitzean behera erortzen zen eta berriro ekin behar zion lanari. Behin eta berriz. Hades jainkoak zakurtzar bat jarri zion zaindari Sisifori, ihes egin ez zezan: Zerbero. Zerberok zigorra betiko bihurtuko zuen”.
KRITIKA | AL BORDE DEL AGUA: 17. Punto de Vista Jaialdia