EZAEk eta Zineuskadik sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez, ikusleak zinemara erakartzeko helburua duen Bidaiariak, zinemara egitasmoaren 8. edizioa abiatuko dute gaur. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 18 zinemek eta 77 aretok egin dute bat kanpainarekin.
Gaurko egunez, azaroaren 17an, emango diote hasiera publikoa zire-aretoetara erakartzeko asmoz sustaturiko Bidaiariak, zinemara kanpainaren zortzigarren edizioari. 2015ean abiatu zenetik, 167.000 ikuslek jaso dute deskontu zuzena, eta 80 film baino gehiagok izan dute laguntza.
Hain zuzen ere, EZAE – Euskadiko Zine Aretoen Elkartearen eta Zineuskadiren arteko hitzarmenak sarrera bakoitzeko bi euroko deskontu zuzena suposatuko du ikusleentzat. Hala, Euskadiko zinema-aretoen elkarteak astero film bat edo bi aukeratuko ditu deskontuaz baliatzeko, batez ere euskal zinemari eta euskarazko zinemari lehentasuna emanez, baina baita film europarrei ere.
Kanpainarekin bat egin duten zinemek automatikoki aplikatuko dituzte deskontuak leihatilan erositako sarreretan, eta zenbaitek online egindako erosketetan ere eskainiko dute beherapena. Euskal estreinaldi arrakastatsuenetako baten iritsiera aprobetxatuz abiatuko dute deskontu-aldia.
Hain zuzen, gaur helduko da zinema-aretoetara La ermita, Carlota Pereda zuzendariaren bigarren film luzea. Belen Rueda eta euskal aktore talde zabala ditu protagonista filmak, besteak beste, Maia Zaitegi hasiberria eta Loreto Mauleon, Josean Bengoetxea, Jon Olivares, Nagore Aranburu eta Elena Irureta beteranoak. Euskal Herrian filmatu dute Filmaxen eta Bixagu Entertainment enpresa gipuzkoarraren arteko ekoizpen hau.
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 18 zinemek eta 77 aretok egin dute bat kanpainarekin: Donostiako SADE taldeko hiru zinemek: Principe, Antiguo Berri eta Trueba; Areto enpresako sei zinemek: Durangoko Gran Cinema Zugaza, Muskizko Meatzari Aretoa, Getxo Zinemak, Bermeoko Nestor Basterretxea, Mungiako Olalde Aretoa eta Urduliz; Golem Alhóndiga; Bilboko Multicines; Gasteizko Gorbeia eta Florida Zinemak; Errenteriako Niessen Zinemak; eta Hirutek enpresako zinemek: Andoaingo Bastero kulturgunea, Zumarragako Zelai Arizti aretoa, Villabonako Gurea aretoa eta Lazkaoko Areria zinema.