Aurkeztu dute Huhezinema – Euskal Film Laburren Jaialdiaren 17. edizioa iragarriko duen kartela. Ariadna Tola ikaslearen proposamena da; kolore berdea izango da nagusi, eta Aretxabaletako eliza eta telefono kabina ezaguna irudikatu dira bertan.

Iruditeriaren ardura duen komunikazio lantaldeak azaldu duenez, ez da erraza izan iruditeriarekin asmatzea, izan ere, bi ikaskidek eginiko kartel proposamenen artean zalantzak egon dira aukeratzerako garaian. Azkenik, hainbat buelta eman ostean, Ariadna Tola ikaskideak egindako kartel proposamenaren baitan sortu da irudi ofiziala izango dena.

Honela azaldu du prozesua egileak bera: Aretxabaletako lagun batek gomendatu zidan telefono kabinaren irudia kartelean txertatzeko, izan ere, herriko gazteekin polemika handia izan duen kabina da. Kontuan izanda Huhezinema gazteei zuzendutako ekitaldia dela, eta Aretxabaletan egiten den zinema jaialdia dela, lotura hori egiteko modurik egokiena iruditu zitzaidan”.

Hazi saria

Urtero bezala, Aretxabaletako Arkupen gauzatuko da Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia, Euskal Herriko sortzaileen film laburrak eta bideoklipak ezagutzera eman eta, bide batez, lanik onenak saritzeko xedez. Inaugurazio ekitalditik hasi eta Huhezinema saria banatu arte, jaialdiak esperientzia aberasgarria eskainiko du ikusleentzat. Bada, hiru egunez ikusleak hunkitu, inspiratu eta entretenitzeko moduko proiekzioak programatzeaz gain jartzeaz gain, beste hainbat ekimen antolatuko dira; zinemarekiko grina ospakizun kolektibo bihurtuz.

Aurtengo edizioak hainbat berrikuntza izango ditu, eta horien artean nabarmenena Hazi Sariren sorrera izango da. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren HAZI enpresa publikoak eta Huhezinemak egin dute bat HAZI sari berria sustatzeko, eta lankidetza berri honen helburua da urtez-urtez HAZIk aztergai dituen aferak (ekintzailetasuna, landa garapena, basogintza…) ezagutaraztea. Gauzak horrela, HAZI saria jasoko du gai horiek egokien lantzen dituen film laburrak.

Saria Huhezinemako epaimahai ofizialak eta HAZIk izendatutako ordezkari batek banatuko dute, Huhezinema jaialdian finalista izango diren film labur eta bideoklipen artean onena aukeratuz. Sariaren irabazleak 600 euro jasoko ditu Eusko Label produktuen saski batekin batera, urtarrilaren 26an egingo den Huhezinema jaialdiaren sari banaketa ekitaldian.

Izena-emateko epea amaitzear

Urriaren 16an zabaldu zen Huhezinemaren 17. edizioan parte hartzeko epea. Oraingoz, parte-hartze positiboa izaten ari dela aurreratu dute antolatzaileek, baina film laburrak eta bideoklipak bidaltzeko epea azaroak 27an itxiko dela gogorarazi nahi izan dute.

Oinarriak, parte hartzeko baldintzak, filmak aurkezteko epeak zein bidalketa moduak Huhezinemako webgunean jaso dituzte. Film laburrak zein bideoklipak aurkezteko, berariaz presatu duten inprimakia bete beharko dute interesatuek.