Oskar Alegriaren filmak bi sari berri eskuratu ditu nazioarteko ibilbide betean. Zehazki, DOC NYC eta Florentziako Popoli Zinema Jaialdian goraipatu dute zinemagile nafarraren lana.
DOC NYC, Amerikako dokumental jaialdi handienak, asteazken honetan eman dio Kaledoiscope saileko – hizkuntza zinematografikoko proposamen berritzaileenak biltzen dituena- lehen sari nagusia Zinzindurrunkarratz filmari. Nazioarteko profesionalez osaturiko epaimahaiak goraipatu du Alegriaren lana: “Lan ameslari eta bikaina, non paisaia leku metafisiko bihurtzen den ariketa liluragarri eta hunkigarri batean; non isiltasuna, soinua eta irudia indar eraldatzaile diren”.
Era berean, Artazu herritik Andiako mendilerrorainoko artzainen bidea berreskuratzen duen pelikula film antropologiko onena izendatu dute Florentziako Popoli Zinema Jaialdian, Europako dokumentalari eskainitako lehiaketarik zaharrenean. Nazioarteko mostraren 64. edizioko Gian Paolo Paoli saria eskuratu du Alegriak: “Desagertzen ari den mundu baten proposamen zinematografiko ausarta da, non bide zaharren eta bertako biztanleen historia, keinuak eta tradizioak biltzen diren”.
SEMINCIn – Valladolideko Nazioarteko Zinemaren Astean abiatu zuen filmak aurkezpen ibilbidea, dokumental onenaren Gran Premio DOC saria irabazita. Bada, aipaturiko bi zorioneko hitzorduen ondotik,Bartzelonako L’Alternativa jaialdian (azaroak 16 eta 19) eta Madrilgo Márgenes jaialdian (azaroak 30) ikusi ahal izango da aurki.
Zinzindurrunkarratz
Super-8 formatuan filmatua, “oinez eginiko film bat” da. Zuzendariak, Artazu bere herritik, Paolo astoarekin Andimendira egindako bide poetikoa kontatuko du, ahaztutako edota galdutako memoriaren erakusgarri. Jada existitzen ez den mundu baten oihartzunak erregistratu ditu zinemagile nafarrak, soinurik gabeko irudiekin.
Eguneroko bat balitz bezala egituratua dago, eta formatu zatikatuak badu zerikusirik filmaren izenburuarekin berarekin ere: haize arin bat (zinzin), leize bertikal bat (durrun-durrun) eta tximistek kolpatutako gailur bat (kurrutz-karratz). Bada, horietatik igaroko da Alegria Paolo astoarekin, eta horietan hautemandakoaren emaitza da Zinzindurrunkarratz.