Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren 47. edizioa gaur abiatuko dute, 19:00etan, Antzoki Zaharrean. Hilaren 18ra bitartean, “edertasuna esploratzeko eta ozeanoen sekretuak ezagutzeko aukera paregabea” eskainiko du egitasmoak.
Urpeko Real Sociedad elkarteak antolatutako zinema zikloaren ekitaldi berriari hasiera emango diote. Larunbata bitartean, “itsaspeko ikusizko jai baten epizentroa” izango da, izan ere, arduradunek adierazi dutenez, “mundu guztia gonbidatuta dago munduko argazkilari eta bideografo onenak biltzen dituen esperientzia paregabe honetan parte hartzera”.
Ozeanoak eta natura maite dituztenak liluratuko dituen egitaraua atondu dute CIMASUB – Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren 47. ediziorako, izan ere, pantailaratuko dituzten lanek itsasoarekiko pasioa islatzen dutela zehaztu dute antolatzaileek: “Beren artearen bidez, ozeanoen edertasun bikaina eta degradazio larrigarria erakusten dituzte. Zinegile horiek gizateriak Lurreko biziraupenerako bizi-ekosistema batean egiten duen presioa azpimarratzen dute”. Tartean, euskal ekoizpen bat lehiatuko da, Sara Lizartza gipuzkoarrak eta Cesare Maglioni italiarrak sortutako Itsaso Bizia film laburra.
Saioak, egunero, 19:00etan abiatuko dituzte, eta sarrerak jaialdiaren egun bakoitzean eros daitezke Antzoki Zaharreko leihatilan, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara. Sari-banaketa ekitaldia hilaren 18an egingo dute eta 20 aitortza banatuko dituzte.
Argazki erakusketak
Urtero legez, zikloaren bezperan Itsaspeko Txikizikloa gauzatu da, Gipuzkoako lehen hezkuntzako 2.500 ikasle baino gehiago inplikatu dituena. Aldiz, CIMASUB 2023 zikloaren azken egunean aurtengo argazki onenen bilduma aurkeztuko dute.
Izan ere, zinema emanaldiez gain, itsaspeko hiru argazki-erakusketa ere prestatu dituzte, hiriko hainbat tokitan ikusgai egongo direnak: “Aquariumak, Garbera merkataritza-guneak eta Reale Arena estadioko Kirol Etxeak ateak irekiko dituzte bisitariak itsas hondo misteriotsuetan eta gizateriaren eta naturaren arteko harreman konplexuan murgiltzeko”.