Euskarazko zinemagintzaren urteko pieza adierazgarrienen aukeraketa aurkeztu ohi dio Euskal Etxeak udazkenero Berlingo publikoari. Azaroaren 17an, 18an eta 19an egingo dute aurtengo mostra, eta Irati (2022), Karpeta Urdinak (2022) eta Aztarnak (2022) izango dira ikusgai.
Euskarazko ikus-entzunezko emariari leiho bat zabaltzea Berlingo Euskal Etxearen egitasmo garrantzitsuenetakoa izan da bere sorreratik. Hamarkada luze batez, ale solteak programatuz betetzen zuten hori, baina, 2012az geroztik, Alemaniako hiriburuak bere euskarazko zinema festibala du: azaroko bigarren hamabostaldian ospatu ohi den Baskisches Filmfestival.
Bi urtez behingo jaialdi moduan hasi zena laster bilakatu zen urteroko hitzordu. Izan ere, azken urteetako uzta emankorra dela eta, Euskal Etxeak programazio sendo askoak osatu ahal izan ditu beti. Bada, hirian bizi diren euskaldunek eta Euskal Herriari buruz jakin-mina duten hainbat lagunek bete ohi dituzte 1907an zabaldutako Moviemento zinema-aretoaren butakak.
Horretarako aukera izango dute aurten ere, datozen egunetan ospatuko baita mostraren 2023ko edizioa: azaroaren 17tik 19ra bitartean. 2022an nazioarteko zinema jaialdi entzutetsuetan estreinatuak izan zirenetik, zeresana eman duten hiru film izango dira ikusgai:
- Irati (Paul Urkijo) – AZAROAK 17
Euskal mitologian oinarritutako istorio epikoa du abiapuntu, eta J.L. Landaren eta J. Muñozen El ciclo de Irati eleberri grafikoaren egokitzapena da. Lamiak, jentilak, Mari, Sugaar, basajaun, zaldunak, borrokak, traizioa, epika, maitasuna, izaki ez gizatiarrak, sua… Erdi Aroan girotutako kontakizun klasikoa, gurera ekarria, kristautasunaren eta paganismoaren arteko gatazkaren testuinguruan.
Euskaraz errodatuta, Eneko Sagardoy eta Edurne Azkarate jarriko dira bikote protagonistaren azaletan, eta Iñigo Aranbarrik, Elena Urizek, Iñaki Beraetxek, Ramon Agirrek, Kepa Errastik eta Itziar Ituñok osatzen dute aktore-zerrenda.
- Karpeta Urdinak (Ander Iriarte) – AZAROAK 18
Anderrek, beste askok bezala, aitak komisarian jasan zuena tortura izan zela susmatzen du. Bere ustea argitu nahian, Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Plana-ren barruan egindako Proyecto de investigación de la tortura y malos tratos en el País Vasco entre 1960-2014 ezagutuko du. Ikerketa honek argitaratzen dituen emaitzekin ikaratuta, proiektuan parte hartu zuten mediku, psiokologo, psikiatra eta abokatuekin elkartuko da. Haiek erakutsiko diote tortura psikologikoa, Istanbulgo Protokoloa edo hurbilketa estatistikoa bezalako kontzeptuak, ipar globaleko torturaren errealitatea ezagutaraziz.
- Aztarnak (Maru Solores) – AZAROAK 19
Haurtzaroan ereiten al da zoriontasunaren hazia? Gogoratzen ez ditugun lehen urte horiek aztarna sakonak uzten omen dizkigute. Baina, aztarna hori betiko al da? Edo, aldiz, aldatu egiten da? Hau bidaia pertsonal bat da ahaztutako leku horretara, gaur naizen amarengandik izan nintzen umearengana doana.
Zeit für baskisches Kino!
Datorren asteburuan hiru euskal film erakutsiko ditugu Berlingo zinema zaharrenean. pic.twitter.com/zC8wARE2ty
— Euskal Etxea Berlin (@BerlinEtxea) November 14, 2023
Ostiralean, Irati pic.twitter.com/Myjq6YNPqp
— Euskal Etxea Berlin (@BerlinEtxea) November 14, 2023
Larunbatean, Karpeta Urdinak pic.twitter.com/LfGrVA48zE
— Euskal Etxea Berlin (@BerlinEtxea) November 14, 2023
Igandean: Aztarnak pic.twitter.com/7X4hzFbyZF
— Euskal Etxea Berlin (@BerlinEtxea) November 14, 2023