Guztira, 12 film labur, ertain eta luze pantailaratuko dituzte azaroaren 20tik 26ra bitartean. Saioak Niessen Kulturguneko zinema aretoetan egingo dituzte, eta sarrera doan da (gonbidapenarekin).
Errenteriako Udaleko Kultura Aniztasunaren, Garapenerako Lankidetzaren eta Giza Eskubideen Sailak sustatuta eta Ozzinemak antolatuta, udalerrian zinemaren alde egiten den apustuaren bilakaera naturalez sortu zuten iaz GGEEFILM – Errenteriako Zinema Dokumentalaren eta Giza Eskubideen Zinema Jaialdia. Bi helburu argi ditu: bizi dugun munduko bidegabekeriak salatzea eta istorio konprometituenak irudietan jartzera ausartzen diren zuzendarien sormenezko eta laneko tranpolina izatea.
Zinemaldiak, bere proiekzio eta jardueren bidez, gizarteko kolektibo guztientzat elementu eraikitzaile eta didaktikoa izan nahi du, iritzia eraikitzeko, balioak oinarritzeko, aurreiritziak ezabatzeko eta gizartea sentsibilizatzeko gunea izateko. Bada, bigarren edizioa izango du aurten ekimenak, eta azaroaren 20tik 26ra bitartean egingo da. 150 lanetik gora jaso dituzte izen-emate deialdian, nazioarteko herrialde askotatik aurkeztutakoak, eta horien artean, 7 film labur eta ertain zein 5 film luze aukeratu dituzte Errenteriako Niessen Kulturguneko zinema aretoetan erakusteko. Horiek feminismoa, LGTBI+ kolektiboa, gatazka armatuak, migrazioa edo ekologismoa gaiak jorratuko dituzte, eta tartean euskarazko bi ekoizpen daude: 10 Wait bakarrik (Oier Fuentes) eta Agur artzai (Julen Zubiete). Kontsultatu programa osoa, jarraian.
Pantailaratuko dituzten filmak ikusteaz Lucia Ixchiu Guatemalako aktibista eta kultur kudeatzailea, Sara Hernandez Tabakalerako zinema eta ikus entzunezkoen saileko koordinatzailea, Agustin Arrieta EHUko filosofia irakaslea, eta Alvaro Hernandez jaialdiaren lehen ekitaldiko irabazlea arduratuko dira eta ondoko sariak banatuko dituzte hilaren 26ko itxiera-ekitaldian: Juanmi Gutierrez laborategi sari nagusia, eta Festhome distribuzio saria. Gainera, ‘Ion Arretxe’ publikoaren saria eta Publikoaren saria film labur onenari.
Jarduera osagarriak
Herriko ikastetxeetako DBHko hirugarren eta laugarren mailako ikasleei zuzendutako saioak ere hartuko ditu Errenteriako Zinema Dokumentalaren eta Giza Eskubideen Zinemaldiak aurten. Giza eskubideei buruz hausnartzeko aukera izango dute jaialdian erakutsiko duten filmetako bat ikusita.
Saioak, egunero, 19:30ean hasiko dituzte, eta horietara bertaratzeko sarrera doakoa da; aurretik gonbidapena eskatu beharko da HEMEN.