BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiaren 16. edizioan 57 pelikula proiektatuko dira, 3 erakusketa eskainiko dira, 4 hitzaldi, WOP Mendi Film saria emango zaio Edurne Pasabani, IAMF Sari Nagusia jaso duen Eliza Kubarskaren K2 Touching the sky (2015) programatu da, Yhabril argazkilariak klase magistrala eskainik du, eta mendiko zinemaren industriaren inguruko jardunaldi bat burutuko da.  Honela dator 16. Mendi Film!


Bilbo mendiko zinemaren munduko hiriburu bilakatuko du BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiak abenduaren 8tik 17ra. Europa, Ipar Amerika, Asia eta Ozeaniako 15 herrialde ordezkatuz 57 pelikula proiektatuko dira Mendi Filmen 16. edizioan. Horietatik 51 dira Sail Ofizialean parte hartuko dutenak, sarietarako hautagaitzan. Beste 4, aldiz, lehiaz kanpoko Zabalandi sailean aurkeztuko dira: Corpórea, El fin de la eterna primavera, Konfiantza itsua eta Leizeta.

Era berean, 2015eko K2 touching the sky arrakastatsua ere programatu da Mendiko Zinemagintzaren alde diharduen nazioarteko elkargoaren IAMF Sari Nagusiaren aitortzan; eta Oinez estreinatuko da, iaz Mendi Film Bizkaia Ternua  Beka jaso zuen proiektuaren emaitza.

Ikusi hautatutako film guztiak, HEMEN.

Bost kidez osatutako nazioarteko Epaimahaiak baloratuko ditu Sail Ofizialeko lanak: Eliza Kubarska bea, zinemagile eta alpinista; Michael Pause kazetari, produktore eta idazlea; Patricia Ayala zinemagile, ekoizle eta gidoilaria; Nerea Alberdi konpositore, orkestratzaile eta arreglista; eta Juantxo Zeberio Etxetxipia konpositore eta arreglista.

Bada, 24.800 euro banatuko dira saritan:

  • Sari Nagusia: Eguzkilore garaikurra eta 6.000€
  • Zuzendari Onena: Eguzkilore garaikurra eta 3.000€
  • Gidoi Onena: Eguzkilore garaikurra eta 2.000€
  • Argazkilaritza Onena: Eguzkilore garaikurra eta 2.000€
  • Epaimahaiaren Saria: Eguzkilore garaikurra eta 2.000€
  • Soinu Banda Onenaren Saria: Txalaparta garaikurra eta 2.000€
  • EITB Saria Euskarazko Film Onenari: Eguzkilore garaikurra eta 2.000€
  • Mendiko Film Onena: Eguzkilore garaikurra eta 1.200€
  • Eskaladako Film Onena: Eguzkilore garaikurra eta 1.200€
  • Kultura eta Natura Film Onena: Eguzkilore garaikurra eta 1.200€
  • Kirol eta Abentura Film Onena: Eguzkilore garaikurra eta 1.200€
  • Film Labur Onena: Eguzkilore garaikurra eta 1.000€

WOP MENDI FILM eta IAMF GRAND PRIZE

Bi ekitaldi seinalatu egingo dira emanaldiez batera: batetik, Edurne Pasaban alpinistak WOP Mendi Film 2023 Saria jasoko du hasiera ekitaldian, abenduaren 8an, Euskalduna Jauregian; bestetik, Eliza Kubarskari aitortza egingo zaio bera baita aurten IAMF Sari Nagusia jaso duena -Mendiko Zinemaren alde diharduen nazioarteko elkargoaren sari gorena-, eta hark zuzendutako K2 touching the sky (zuzendari onenaren saria 2015eko Mendi Filmen) programatu da Sala BBK aretoan, abenduaren 12an.

Erakusketa eta hitzaldiak

Argazki eta artelan ederrekin hiru erakusketa nagusik jantziko dute Bilbo azaroan hasi eta urtarrilera bitarte: HARRI, ORRI, ARkatz eskalada krokisen erakusketa, Mariaren Bihotza plazako Aztarnategian (azaroak 24tik urtarrilaren 7ra); CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketako 20 lan sarituen erakusketa, Sala BBK aretoan (abenduaren 9tik 14ra); eta, Yhabril. Luz, montaña, ¡acción! Yhabril outdoor argazkilari bilbotarraren tamaina handiko 20 lan onenen erakusketa , Bilboko Metroko geltokietan (azaroak 15etik abenduaren 30era).

Pelikulez eta erakusketez gain, hainbat hitzaldi eskainiko dira zinemaldiko egunetan: CVCEPHOTO lehiaketaren 9.edizioko lan sarituen inguruan antolatu dena (abenduak 9); HARRI, ORRI, ARkatz erakusketarekin lotuta publikatu den Artea eskalada krokisetan liburuaren aurkezpena (abenduak 10); Eduardo Martínez de Pisón geografo, bidaiari eta mendizalearen Lo que ví en las montañas hitzaldia;  eta, Gailurra! Komikia eta mendia, Kike Infame komikizale ezagunak gidatuta.