Tabakalerak eta Koldo Mitxelena Kulturuneak, Donostia Zinemaldiaren eta Elias Querejeta Zine Eskolaren laguntzarekin, zinemaz eta zinetik hitz egiteko urteko programazio bateratua aurkeztu dute. 2023ko azarotik 2024ko ekainera bitartean, bertako eta estatuko hogei zinemagilek baino gehiagok beren sorkuntzak eta beren zinema-proposamenak egiteko garatu dituzten lan-prozesuak hurbilduko dizkiete publiko zabalari.

Donostia Zinemaldiaren aterkipeko Z365 egitasmoaren eta Elias Querejeta Zine Eskolaren laguntza duen ekimenak, ‘Kontatutako zinea’ eta ‘Zinemagileen elkarrizketa’ programak bateratuko ditu hamasei hitzorduren bidez. Hala, Jaione Camborda (Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi berri duena), Isabel Coixet zinemagilea eta Sara Mesa idazlea, Isabel Herguera, Juan Antonio Bayona zuzendaria eta Belen Atienza ekoizlea, Itsaso Arana edo Fermin Muguruza zuzendaria izango dira, besteak beste, programazio hori osatuko duten hizlarien zerrenda luzean.

Bihar, azaroaren 11n, ekingo diote programazio bateratu berriari, eta ekainera bitartean luzatuko da. Oraingoan, Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentura lekualdatuko da, Koldo Mitxelena Kulturuneko obrak direla-eta. Ikastaroak alderdi pedagogikoa nabarmenduko du, eta bertaratutakoei matrikula egiteko aukera emango die. Matrikula horrek, programan parte hartzeaz gain, tailerrez, topaketez eta beste prestakuntza-proposamen batzuez osatutako programazio osagarri baterako sarbidea erraztuko du. Matrikula doakoa izango da eta herritar guztientzat zabalik egongo da, ikasleetatik hasi eta zinemazaleetaraino. Aurrez aurrekotasuna eta topaleku izaera bultzatzeko, saioak ez dira streaming bidez emango, baina grabazioak Koldo Mitxelenaren eta Zinemaldiaren webgunean egongo dira ikusgai denboraldiaren amaieran.

Azken batean, bi programen atzean etengabe elkar ukitzen duten ardatz estrategiko handiak daude: ezagutzen transmisiorako eta pedagogia artistikorako, dibulgaziorako eta sorkuntzari laguntza iraunkorra emateko borondatea. Bi ekimen horiek abian jarri zirenetik hiru urte igaro ondoren, deialdi-gaitasun handiarekin, hiriko publiko eta erabiltzaile desberdinak erakarriz, programa bateratu bat planteatu da, modu koordinatuan diseinatua eta ikasturte osoa hartuko duen egutegia izango duena. Bi programen bateratzeak egungo zinearen egoeraren azterketa sakona eskainiko du, eta tokiko eta estatuko esparruan egiten diren urteko ekoizpen zinematografikoen zabalkundea bultzatuko du.

Urteko programazioa

Proposamen anitzaren baitan, espektro zinematografiko ugariren hogei bat protagonistek eta arduradunek hartuko dute parte:

Kontatutako zinea:

  • Azaroak 11 – Matias Piñeiro
  • Azaroak 16 – Elena Martín
  • Azaroak 25 – Michel Gaztambide
  • Abenduak 17 – Fermin Muguruza
  • Urtarrila – Jaione Camborda
  • Otsaila – Isabel Herguera
  • Otsaila – Ion de Sosa
  • Martxoa – Celia Rico
  • Apirila – Alberto Martín Menacho

Zinemagileen elkarrizketak:

  • Taldean zuzentzea: Negu Hurbilak
  • Zinea eta beste diziplina batzuk: Víctor Iriarte eta Carlos Muguiro
  • Opera prima bat egitea: Itsaso Arana, Laura Ferres eta Javier Macipe
  • Literatura-egokitzapenak: Isabel Coixet eta Sara Mesa
  • Film bat ekoiztuz: JA Bayona eta Belen Atienza
  • Zinea idaztea: Belen Funes eta Marçal Cebrian
  • Animazioa: Isabel Herguera eta Pablo Berguer