Lau astez luzatuko da filmaketa, urtaro bakoitzeko bana, eta 2024an estreinatuko dute, eskultore donostiarren mendeurrenaren abaroan. Arantxa Aguirrek zuzenduko du, eta Jone Laspiur aktorea izango da gidaria.

Ciento volando-eduardo txillida-zinea

Eduardo Txillida eskultore donostiarra jaio zenetik ehun urte beteko dira datorren urtean, eta efemeridea ospatzeko asmoz, ekitaldi andana hasi dira dagoeneko antolatzen. Zinema arloan ere izango du oihartzuna mendeurrenak, izan ere, Bixagu Entertainmentek eta A Contracorriente Films ekoiztetxeek Ciento volando dokumentala dute esku artean. Madrilen jaiotako Arantxa Aguirrek zuzenduko du, eta Goya sariduna den Jone Laspiur aktore donostiarra izango da gidaria.

Filmean, Arte Ederren ikaslea izanik, Donostiako Haizearen Orrazira gerturatuko da Laspiur, Txillidaren lan adierazgarrienetako bat dena ezagutzera. Artistaren mendeurrena aitzaki, haren obra sakon ezagutu nahiko du, eta horretarako Hernaniko Txillida Leku ere bisitatuko du. Joaquin Montero arkitektoarekin, Kosme de Barañano historialariarekin, eta eskultorearen beraren senideekin egingo du museoan topo. Lau urtaroetan zehar filmatuta (euskaraz eta gaztelaniaz), “Txillidaren bihotzera egindako bidea” erakutsiko du dokumentalak, “ikusle bakoitzaren bihotzean amaituz gero soilik zentzua izango duena”. 70 minutuko iraupena izango du.

Lan-taldea Gaizka Bourgeaud eta Rafael Reparaz argazki zuzendariek, Aitor Vitoria zuzendari laguntzaileak, Carlos De Hita sonidistak, Leire Zurdo makillaje eta jantziteria arduradunak, Sergio Deustua muntatzaileak, Mikel Huercanos ekoizpen zuzendariak, eta Iñaki Gomez zein Fernando Riera ekoizle exekutiboak osatuko dute. Txillida Fundazioaren eta Pilar Belzunceren babesa dauka Ciento volando dokumentalak, eta A Contracorriente Film arduratuko da banaketaz, 2024an.

Itsasoaren erritmoari fidel

Aguirrek aitortu duenez, itsasoak garrantzia eta presentzia nabarmena izango du, bere erritmo lasai eta konstantea bilatuko baitu: “Norbait ulertzeko, oso kontuan izan behar da bere tempo berezia. Txillida gizon pausatua zen eta merezi zuen denbora eskaintzen zion gauza bakoitzari. Film honek erritmo lasai eta iraunkor hori bera bilatuko du, itsasoko olatuena, alegia”.

Munduan barrena dauden eskultore donostiarraren sorkuntzak ez ditu erakutsiko dokumentalak, baizik eta, zuzendariak adierazi duenez, “Txillida Lekun bertan geldituko gara”. Bertatik, arteaz, ondareaz eta kontzientziaz hausnartuko dute.