Marta Gomez eta Paula Iglesias zinemagileen HONDARRAK film labur dokumentala irekian ikus daiteke iragan azaroaren 7tik. Zaintza-lanak hondaturik eta hankaz gora dituen mundu bati eusten dioten bi emakume aurkezten dituen lana, Film labur dokumental onenaren Goya sarirako hautagaia da.

Al Borde films S. Coop-ek ekoitzia. zaintza-lanei buruzko gogoeta sakona proposatzen du film laburrak, bi emakumeren bizitzen testigantzaren bidez. Gladysek, konfinatuta duen barnetegia eta lan egiten duen etxearen artean ematen du bizia. Ima, aldiz, betiko zain dago itsasoaren aurrean, beste ontzi batek bere sareak hautsi arte. Biek dituzte aintzatetsi gabeko lanak, eta horien ardurek irentsita, apenas dute denbora tarterik beren burua zaintzeko. Berdin dio zer ordutan jotzen duten telefonoek. Gladysek ezin du inoiz erantzun, Ima behartuta dago beti erantzutera. Halabeharrez, familia atzean utzi dute biek.

Marta Gomezek eta Paula Iglesiasek idatzi eta zuzendutako 15 minutuko film honek Lara Vilanovaren argazkia eta kolorea ditu; Sara Blanco aritu da produkzio-zuzendaria, Tito Blazquez soinuaz, eta Paula Iglesias bera edizioaz. Noisestudio-ko  Iosu Gonzalezek ondu ditu soinu-diseinu eta postprodukzio lanak, eta Irusoinek irudiaren postprodukzioa. Era berean, Paula Iglesias eta Ana Serna dira ekoiztetxe exekutiboak. Filma, euskaraz eta gazteleraz dago errodatua

2022ko azaroan izan zuen nazioarteko premiere emanaldia, 33.º New Orleans Film Festivalen, Louisianan (AEB). Estreinaldi nazionala ZINEBIren 64. edizioan izan zen,  Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian, alegia. Harrezkero, film honek 30. Energa CAMERIMAGE International Film Festival jaialdian (Polonia); 16. Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdian (Euskal Herria):  7. IbizaCineFest  Nazioarteko Jaialdian (Balear Uharteak); 7. Fugaz Sarietan; CortoEspañan (Madril); Canseko Porriño – FURACANS 20. Jaialdian (Galizia); 19. PLAYDOC – Tuiko Dokumentalen Nazioarteko Jaialdian (Galizia); HUMANS FEST – Valentziako Giza Eskubideen Nazioarteko 14. Zinemaldian (Valentzia); 30. Mostra Internacional de Films de Donnes-en (Bartzelona); eta Iruñeko 37. Nazioarteko Emakumeen Zinema Erakustaldian (Euskal Herria) parte-hartu du.

Ibilbidea ugaria bezain arrakastatsua egin du laburrak. Izan ere, Santiago del Estero Film Festivalen (Argentina) film laburren lehiaketan, eta Valentziako Giza Eskubideen 14. Nazioarteko Zinemaldiaren dokumental laburren sailean saritu dute berriki. Horiei gehituta, 2023an, Cortos en Femenino saria ere jaso du, Tramak, emakumeek egindako zinema, bideo eta multimedia jaialdien eta erakustaldien koordinatzaileak, banaturikoa.

Aurrera begira, Film labur dokumental onenaren Goya sarirako hautagaia da lana. Gainera, Santiagoko Cineuropa jaialdian ikusi ahal izango da azaroaren 21an, Lo mejor del cine actual deituriko hautaketaren baitan.

Iragan azaroaren 7tik, irekian ikus daiteke filma esteka honen bidez: