Aurreko urteetan bezala, aurkezpenek, topaketek eta mahai-inguruek gorpuztuko dute azaroaren 10etik 17ra bitartean egingo duten jaialdi bilbotarraren egitaraua.
ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak ostiralean emango dio hasiera 65. edizioari, eta ohi bezala, filmen emanaldiez gain, industria zinematografikoari zuzendutako topaketak, jarduerak eta hitzorduak hartuko ditu. Azaroaren 11n, aurtengo Ohorezko Mikeldietako bat jasoko duen Frederick Wiseman izango da protagonista, hain zuzen ere, iazko ekitaldian aitortza bera jaso zuen Albert Serrarekin batera. Elkarrekin, zuzendari estatubatuarraren azken lana aurkeztuko dute, Golem Alhondigan: Menus Plaisirs – Les Troisgros. Hilaren 16an, aldiz, Rita Azevedo Gomes omenduak solasaldia eskainiko du Cecilia Barrionuevorekin, Guggenheim Museoan. Sortzailearen opera prima egongo da bertan ikusgai, The Sound of the Shaking Earth (1990).
Aurretik, azaroaren 12an, Erritmoa, irudiak eta gorputzak mahai-inguruan muntaiaz hitz egingo dute Julia Juanizek, Carolina Martinez Urbinak, Ana Pfaffek, Ariadna Ribasek eta Diana Toucedok. Denak ere muntatzaileak dira, eta saioa Virginia Garcia del Pinok gidatuko du. Hurrengo egunean, animaziozko euskal zinemaren ordezkariak bilduko dira Azkuna Zentroan, produkzio ereduei buruz hausnartuz: Ivan Miñambres moderatzaile, Izibeñe Oñederrak, Alberto Vazquezek, Sergio Martinezek eta Aitor Oñederrak hartuko dute hitza.
Aldiz, azaroaren 15ean, Espainiako Filmategiak zaharberritutako Ivan Zuluetaren artxibo materiala eskainiko dutela aitzakia hartuta, “ikus-entzunezko ondarea sailkatzen, ikertzen eta berreskuratzen diharduten erakundeen lana balioan jarri eta ezagutzera emateko” asmoa duen topaketa bat prestatu du. Santiago Aguilar, Valeria Camporesi, Miguel Fernandez, Pablo La Parra Perez, Pablo Maravi, Libe Belandia eta Aida Vallejo izango dira gonbidatuak.
Industria jarduerak
Azaroaren 11 industria jarduerei eskainitako eguna izango da bereziki. Izan ere, bi ekimen jasoko ditu Azkuna Zentroak. Goizean, 11:30ean hasita, Esther Cabero KIMUAK programaren koordinatzaileak Film laburrak hedatzea eta nazioartekotzea: autonomia erkidegoen artean sarean lan egitea mahai-ingurua gidatuko du. Espainiako Estatuko autonomia erkidegoetako Film Commission eta zinemaldien ordezkariek parte hartuko dute hitzorduan -Maite Conesa (Quercus-Gaztela eta Leon), Pablo Garcia Casado (Cantabria Film Commission), Ana Herrera (Shortzinema-Nafarroa), Victor Lamadrid (Cantabria en Corto), Dora Marti (Cantabria Film Commision), Brais Romero (Madrid en Corto) eta Elisabeth Sala (ShortCat)-, Cannesko Short Film Corner | Rendez-vous Insustry-ko kide den Florian Fernandezekin batera.
Arratsaldean, NOKA Mentoring saioa gauzatuko da: Celia Rico, Maider Oleaga eta Diana Toucedo tutoreak arduratuko dira Mikele Landari (Sendaz), Nerea Castrori (Los nidos) eta Joana Moyari (La Koreana) beren proiektuen jarraipena egiteaz.
Hilaren 13an, Cantabria-Euskadi Networking 2023 topaketa gauzatuko da, Mar Izquierdo (Zineuskadi), Ione Feijoo (Basque Audiovisual) eta Victor Lamadrid (Cantabria Film Commission) hizlari izango direlarik. Hurrengo egunean, ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea foroari hasiera emango diote, eta hilaren 15ean Zinema dokumentala, telesail dokumentalak eta plataformak topaketa profesionala hartuko du jaialdi bilbotarrak. Aurten, ECAM – Madrilgo Erkidegoko Zinematografia eta Ikus-entzunezkoen Eskolarekin lankidetzan antolatu dute, eta hainbat plataforma eta telebistatako ordezkarik (EITB Primeran, Filmin, RTVE eta Movistar) bilduko ditu.