Urte bukaera bitartean, Montevideon (Uruguai), Vigon (Galizia) eta Madrilen (Espainia) pantailaratuko dute Jon Mikel Fernández Elorzek eta Imanol ‘Kima’ Arzuagak sustatutako proiektua. Dagoeneko urte berrian sartuta, Bordelen (Frantzia) ere izango direla aurreratu dute.
Torturak Euskal Herrian eragindako zauria itxi ez dela ikusaraztea du helburu Bi arnas filmak, eta Sorzabalek jasandakoak ezagutaraziko ditu, baita bere amaren sufrikarioa ere. Bakoitzak bere modura sufritu baitute torturak eragiten duen arnas falta. Horiez gain, baina, bestelako ahotsak bilduko dituzte sortzaileek proiektuan: Nekane Txapartegi asteasuarrarena (1999an torturatua); Paco Etxeberria auzi mediku eta Eusko jaurlaritzak sustatuta Euskal Herrian izandako tortura kasuak ikertu dituen txostenaren egilearena; eta Serge Portelli Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohia, abokatua eta torturaren kontrako ekintzailearena.
Borda Gorri Produkzioak ekoiztetxearen parte hartzea du Bi arnas dokumentalak, eta 2022ko maiatzaren 22an ikusi zuen argia. Izan ere, Irungo Amaia Kultur Zentroan erakutsi zuten aurrenekoz Fernández Elorzek eta Imanol ‘Kima’ Arzuagak sustatutako lana, bi protagonista nagusien jaioterrian. Filma Donostia Zinemaldiaren ZINEMIRA atalean aurkezteko aukera eduki zuten irailean, eta ordutik, herriz herri zein nazioartean ari dira emanaldiak egiten, etenik gabe.
KRITIKA: Bi arnas: Itxi gabeko zauri baten erditzea
Berriki, Etxepare Euskal Institutuak euskal zinemaren presentzia bermatzeko Krakow Film Festival jaialdiarekin egindako hitzarmenari esker, Poloniako Krakow Film Festival zinemaldian erakutsi dute; Frantziako CNT La Confédération Nationale du Travail-en egoitza nagusian proiektatu dute ere, eta gaur, Montevideon (Uruguai) izango da ikusgai, Lo de Molina kulturunean. 19:00etan abiatuko dute emanaldia, eta Jasone Agirre EH Bilduko ordezkariak aurkeztuko du.
Ez da ordea egunotan egingo duten ikustaldi bakarra izango. Azaroaren 24an, Asemblea Republicana de Vigo-k antolatuta, hiri galiziarreko Multicines Norte aretoan emango dute, 19:45ean. Estatu espainiarrean pairatutako tortura eta errepresioa ardatz duen zikloaren baitan programatu dute, eta ’Kima’ Arzuaga bertaratuko da. Aldiz, abenduaren 2an, Fernandez Elorz zuzendariarekin batera, Madrilera joko du proiektuaren sustatzaileak. C.S.O. La ANIMOSAk antolatutako emanaldia elkartearen egoitzan bertan egingo dute, 19:00etan. Bestalde, dagoeneko 2024an, urtarrilaren 20an hain zuzen ere, Bordelen ere izango direla aurreratu dute.