Entzumen urritasuna duten pertsonei zuzendutako film laburren saio berezia prestatu du jaialdi bilbotarrak azaroaren 11rako. Ikusgai egongo diren bost lanek “zeinu-mintzairara egiten diren hurbilketak” jasoko dituzte.

Zinebi irisgarritasuna-zinea

Euskal Gorrak – Pertsona Gorren Euskal Federazioarekin lankidetzan, ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak “entzuteko desgaitasuna duten pertsonentzat bereziki diseinatutako” saio berezi bat antolatu du azaroaren 11rako. Aitor Gametxo zinemagilea da Islatutako keinua. Zinema ikusi, entzun eta hauteman zikloaren komisarioa, eta 2000 eta 2022 urte bitartean nazioartean ekoiztutako bost film labur aukeratu ditu Bilboko Golem Alhondiga zinema aretoetan erakusteko.

Ekimenaren arduradunek adierazi dutenez, “pertsona gorren errealitateari gizartean ikusgarritasuna ematea” da saioaren helburua, horregatik, “zeinu-mintzairara egiten diren hurbilketak” jasoko dituzte ikusgai izango diren obrek. 12:00etan abiatuko dute zikloa, eta Gametxok zein zeinu-hizkuntzako interprete batek aurkeztuko dute ekitaldia.

Jarraian duzue egitaraua:

  • Mira el silencio (Santiago Zermeño, 2022) 29’ | Mexiko
  • Out of the Water / Dzieci i ryby (Gracjana Piechula, 2022) 14’ | Polonia
  • Sorda (Nuria Muñoz eta Eva Libertad, 2021) 18’ | Espainia
  • The Drop of Water / La goutte d’eau (Carole Sionnet, 2005) 9’ | Frantzia
  • The Sense of Touch / Le sens du toucher (Jean-Charles Mbotti Maioloena, 2014) 14’ | Frantzia-Suitza

Irekiera eta itxiera ekitaldiak

Bestalde, azaroaren 10eko eta 17ko irekiera zein itxiera ekitaldiei begira, entzumen arazoak dituzten pertsonentzako bi sistema ahalbidetuko dituztela jakinarazi du ZINEBIk, “desgaitasunak dituzten pertsonei kulturarako sarbidea errazteko”: bata soinu anplifikatukoa; bestea, begizta magnetiko indibidualekoa, agertokian egingo diren ikuskizunez argi eta garbi gozatzeko aukera izan dezaten.

Irekiera-ekitaldian, gainera, ONCEren elkarlanari esker, aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko dute, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonei agertokian gertatzen denari buruzko soinu-informazio indibidualizatua helarazteko. Bestalde, Eskuaire Komunikazio Bitartekaritzarekin elkarlanean, zeinu-hizkuntzaren interprete bat egongo da itxiera galan, azaroaren 17an.