Datorren Zinema izenpean, azaroaren 6tik abenduaren 4ra bitartean ekoizpen europar berrienen aurrestreinaldiak jasoko dituzte Golem Alhondiga zinema aretoek. Saioak astelehenetan izango dira, 19:30ean hasita, eta gonbidatu bereziek aurkeztuko dituzte filmak. Sarrera orokorrak 5,50 euro balio du.
Azaroaren 1ean abiatu zuten Europako Zinemaren Hilabetea deituriko egitasmoa, eta sei asteko iraupena izango du. Europako Zinema Akademiak eta Europa Cinemas erakundeak bultzatutako ekimena da, 40 herrialde eta 75 zinema areto batuko dituena. Euskal Herriak egoitza propioa izango du, Bilbon, eta hain zuzen ere, gaur ekingo diote Golem Alhondiga aretoek proposamenari. Guztira, lau saio atondu dituzte, astelehenetan, 19:30ean, gauzatuko direnak, eta eskainitako film bakoitzaren aurretik gonbidatu bereziek hartuko dute hitza.
Pablo Bergerren Robot Dreams animaziozko lana izango da ikusgai egongo den lehenengoa. Annecyko jaialdian Contrechamp Sari Handia eskuratu zuen, eta Torontotik igaro ostean Sitgesko zinema jaialdian izan da. Borga Crespo zinemagile eta gidoilariak aurkeztuko du saioa, eta emanaldiaren ostean, Bergerrekin batera parte hartuko du solasaldian.
Filmak Dogen, Manhattanen bizi den txakur bakartiaren, bizipenak ditu oinarri. Izan ere, egun batean robot bat eraikitzea erabakiko du, bere laguna izan dadin. Bien arteko adiskidetasuna handituz joango, udako gau batean, Dogek laguna agurtu beharko duen arte.
Hilaren 20an, 71. Donostia Zinemaldiko sail ofizialean lehiatu den Le succeseur (Xavier Legrand) ekoizpen frantziarra egongo da ikusgai. Aurkezlea Galder Pérez izango da, kulturan espezializatutako Radio Euskadiko kazetaria.
Ellias Barnès, 30 urteko gizona, Parisko moda-etxe ospetsu bateko zuzendari artistiko izendatu berri dute. Alabaina, bularrean mina sentitzen hasiko da, itxaropenak handiak baitira. Halako batean, Montrealera itzultzeko deituko diote aitaren hileta antolatzeko. Aita-semeak aldenduta zauden elkarrengandik. Ellias ohartuko da agian bihotz ahul bat baino askoz okerragoa den zerbait heredatu duela aitarengandik.
KRITIKA | LE SUCCESSEUR: Ondare pozoituarena…
Hirugarren saioa azaroaren 27an egingo dute, eta Jonathan Glazer britainiarraren The Zone Of Interest filma pantailaratuko dute. Cannesko Zinema Jaialdian Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso ostean Donostia Zinemaldiko Perlak sailean egon da ikusgai. EHUko irakasle eta ZINEBI eta FANT jaialdietako programatzaile den Victor Iturregik aurkeztuko du saioa.
Rudolf Höss Auschwitzeko komandantea eta haren emazte Hedwig euren familiarentzako ametsezko bizitza bat eraikitzen ahalegintzen dira etxe lorategidun batean, presoen esparrutik gertu.
Azkenik, dagoeneko abenduan sartuta, nazioartean aitortzak pilatzen ari den -besteak beste, 2023ko FIPRESCI Sari Nagusia- Fallen Leaves (Aki Kaurismaki) harribitxi finlandiarrari buruz hitz egingo du Iratxe Fresneda zinemagile eta EHUko irakasle eta ikerlariak.
Helsinkiko gauean kasualitatez topo egingo duten bi pertsona bakartiren istorioa. Beren bizitzako lehen eta azken maitasuna −maitasun bakarra− aurkitu nahi dute. Alabaina, xede ohoretsu horretarako bidea lausotu egingo dute gizonaren alkoholismoak, telefono-zenbaki galduek eta bizitzak zorionaren bila daudenen bidean oztopoak jartzeko duen joera orokorrak.
2024ko LUX Publikoaren Saria
Europako Zinemaren Hilabetea egitasmoaren baitan, Europako Zinemaren 2024ko LUX Publikoaren Sarirako izendatutako bost ekoizpenak pantailaratuko dituzte ekimenarekin bat egin duten 75 zinema aretoetan. Bada, Bilbon ikusgai egongo den Fallen Leaves-ez gain, On the Adamant (Nicolas Philibert), Smoke Sauna Sisterhood (Anna Hints) The Teachers’ Lounge (Ilker Çatak) eta Estibaliz Urresolaren 20.000 especies de abejas euskal ekoizpena ezagutzeko aukera izango dute gainerako egoitzetako ikus-entzuleek.
KRITIKA | 20.000 ESPECIES DE ABEJAS: Norbere identitatearen hariak ehuntzen
Gainera, Golem Alhondigaren webgunearen bidez gustukoen filmaren alde boza emateko aukera dago, eta partaideek Europako Parlamenturako bidaia bat irabaz dezakete. Abenduaren 9an Berlinen egingo den 36. EFA European Film Award ekitaldian emango dute garailearen berri.