Zuzendariak: Santos Bacana, Cristina Trenas, Rogelio González

Urtea: 2023

Herrialdea: Espainia

Little Spain, Antón Álvarez Alfaro artista polifazetikoaren bideoklipak sortu dituen zigiluaren apostu handia izan da C. Tanganaren anbizio neurrigabea jarraitzea. Lau urteko sortze prozesua, bere argi eta bere ilun; gora, behera eta itsuan. Pertsona, pertsonaiaren gainetik, bere gordinean.

El Madrileño izeneko diskoaren arrakastaren ondoren, C. Tanganak bere ibilbideko birarik handinahiena sortzeko eta zuzenekoaren kontzeptua iraultzeko erronkari aurre egin beharko dio. Kuban diskoa sortu zueneko urduritasun, beldur eta itxaropenetik abiatuta, horren aurkezpen emanaldi sorta izango zenaren kontzeptualizazioari, negoziaketari, entseguei eta arrisku ekonomiko etengabeari aurre egin eta ikuskizuna lehertu arte. Tragedia, hiru ekitalditan.

Hainbeste buruhauste emandako bira hartako kontzertu bat ikusteko aukera izan nuen, Iruñean; burua lehertu zidan. Aurretik sekula ikusi gabeko ikuskizun eredua izan zenaren sentsazioa dut oraindik ere, eta berriro halakorik ikusteko aukera izango dudanaren zalantza. Horregatik, aparteko mundu baterako bidaia izan da ere sortze-prozesu kaotiko horren eta mugarik gabe amesten duen artistaren aurpegi intimoena deskubritzea. Izan ere, arlo pertsonalean bezala, artistikoan ere norbere miseriak jende aurrean erakusteko beldurrik ez izatean datza arrakastak. Eta dena eskaintzen d(ig)u Puchok. Sorkuntzaren deabruak aurrez aurre, eta bera, biluzik.

Dokumentalak generoko beste pieza batzuetan ikusi ohi ez dugun “errealitate hori” azaleratzen du: atzeko zuloa. Ia ez dago emanaldien, ikuskizunaren irudirik… inoiz egin behar ez zen bira baten zirrikituak.

Bere lehen urratsak rapero gisa eman zituen sortzaileak, genero eta estiloen mugak irauli ditu urte gutxiren bueltan. Azken hamarkadako diskorik arrakastatsu eta entzunetarikoa sortu du, eta aurrekaririk gabeko ikuskizun batean eskaini dio publikoari. Bitartean, guzti hori irudien bidez dokumentatuko zuen proiektua abiatu, eta erretiroa hartzeko erabakia hartu du.

Apartekotasun gobernaezina, zinez, Tanganarena.