Besteak beste, Claude Chabrol zinemagile frantziarrari eskainitako atzera begirakoa abiatuko dute, eta berriki zendu den Terence Davis zinemagile britainiarra omentzeko tartea ere hartuko dute. Ohi bezala, ZINEAn sarrera bikoitzak zozkatuko ditugu Trueba aretoan egingo dituzten saioetara bertaratzeko.

Kresala Zinekluba-azaroa-zinea

Pantaila handiaren aldeko aldarria eginez, eta abentura berriak ezagutzeko gogoz, Donostiako Kresala Zineklubak azaroko egitaraua aurkeztu  du: “Filmek bidaiatzea, amets egitea, pentsatzea eta sentitzea eragiten digute. Lehen begiratuan muntaia gela batean elkartzen diren irudiak baino ez dira, baina jendeak pantaila handian ikusten duenean, beste zerbait bihurtzen dira. Benetako abentura bihurtzen dira, nolabait edo bestela beti (edo ia beti) gogoratuko ditugunak”.

Lau filmek osatuko dute zinema eskaintza, klasiko bilakatu diren bi film eta beste horrenbeste obra garaikide proposatuz. Tunisian hasiko du Kresala Zineklubak abentura, azaroaren 7an, eta adierazi dutenez, ikus-entzuleak “pantailari lotuta” mantenduko dira Ashkal (Yousseg Chebbi, 2022) ikusi bitartean: Kartagoko Lorategietan, antzinako Erregimenak sortutako eta Iraultzaren hasieran eraiki zen Tunisiako auzo batean, bi poliziak gorputz kiskali bat aurkituko dute orube batean. Ingurua eraikitzen hasten diren heinean, kasu misteriotsu hau ikertzen hasiko dira. Gertaera errepikatzen denean, kasuak bira nahasgarria emango du.

Denboran atzera egingo dute hurrengo astean. Hilaren 14an, Claude Chabrol zinemagile frantziarrari eskainitako atzera begirakoaren lehen saioa egingo dute, Isabelle Huppert protagonista duen Une affaire de femmes (1988) emanez: Bigarren Mundu Gerra. Frantzia okupatuan bizitzea oso zaila da. Marie Latour emakume ezkonduak auzokide bati nahi gabeko haurdunaldia eteten laguntzea erabaki du. Pixkanaka-pixkanaka, beste emakume batzuk ere hasi dira beren zerbitzuak eskatzen, bai bortxatu dituztelako, bai senarrak frontean dituztelako. Bien bitartean, Marieren senarrak, gerrako zauri baten ondorioz etxean dagoenak, harrituta ikusiko du familiaren ekonomia nola hobetzen den.

Azaroaren 21ean, nazioarteko zinema jaialdietan saridun izan den Da-eum-so-hee (July Jung, 2022) ekoizpen hego-korearra ezagutzeko aukera egongo da Trueba zinema aretoan: Sohee bigarren hezkuntzako ikaslea da, eta lanpostu on bat lortzeko itxaropenarekin, azpikontratatutako call center batean prestakuntza saioak hasiko ditu. Bertan, baina enpresa diruzale baten presio handiari aurre egin beharko dio, eta laster, presio eta eskakizunen biktima izango da.

Azkenik, berriki zendu den Terence Davis zinemagile britainiarraren omenez prestatu dute azaroaren 28ko saioa. Nacho Rodriguezek Distance Voices, Still Lives (1988) aurkeztuko du: Liverpool. Langile-familia bateko aita hil egin da eta, hilkutxaren aurrean, emaztea eta seme-alabak iragana gogoratzen hasiko dira. Pasadizo hutsalak, poz txikiak eta pasarte mingarriak berpizten dituzte.

Ohi bezala, ZINEAn sarrera bikoitza zozkatuko dugu saio bakoizterako. Parte hartu ondoko estekan.