Solo hay una film laburrak irabazi du Nafarroako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XII. Nazioarteko Jaialdiaren lehiaketa. Mik J. Lopezek zuzendu eta Macarena Gomez aktorea protagonista duen lana saritzeaz gainera, Epaimahaiaren Aipamen Berezia eta Publikoaren Saria banatu dituzte.
Astebeteko jardunaren ostean, Nafarroako Horror Online Art – Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Nazioarteko Festibalak XII. Edizioa izan denaren pertsiana itxi du. Larunbatean ebatzi zuten palmaresa, Iruñeko Gazteriaren Etxean ospatu zuen itxiera ekitaldian.
Bada, epaimahaikideek hala ebatzita, Mik J. Lopezek zuzendutako eta Macarena Gómez protagonista duen Solo hay una lanak eskuratu du Film Labur Onenaren saria. Noeliaren istorioa kontatzen du, bizirik dagoen emakume bat, egun batean ehizara irten eta gizon bat aurkitzen duen arte bizirik dagoen azken pertsona dela susmatuko duena.
Era berean, Epaimahaiaren Aipamen Berezia eskuratu dut Pol Digglereen Sincopat proiektuak. Halaber, emanaldietara bertaratutako ikusleek emandako bozkek ahalbidetu dute Hugo Sanzen Solo un ensayo filmak eskura zezan Publikoaren Saria.
Amaiera ekitaldia baliatu zuen Miguel Suárez del Cerro jaialdiaren zuzendariak aurten parte-hartu duten zinemagile guztiei eskerrak emateko, eta film laburrak ikusleek deskubritu ahal izateko funtsezko gune gisa aurkeztu zuen jaialdiak. Izan ere, izua, zientzia fikzioa edo komedia beltza oinarri hartuta, gaur egungo gai klasikoei buruzko planteamendu artistikoak dituzten lan bikainak izan dira ikusgai astebeteko iraupena izan duen mostran.