Euskal ekoizpena (edo koprodukzioa) duten 4 proposamen izango dira EAEko proiektu dokumental onenaren saria eskuratzeko hautagaiak; euskarazkorik ez dago. Aldiz, 8tik irabaz dezakete Espainiako Estatuko ekoizpen onenaren saria.

Zinebi Networking 2023-zinea

Euskal Produktoreen Elkartearekin (EPE-APV) batera antolatuta, eta EiTB Media S.A.U.rekin, Zineuskadirekin, Europa Creativa Desk MEDIA Euskadirekin eta ICAArekin lankidetzan, seigarrenez antolatu du ZINEBI Bilboko Zinema Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea foroa. Azaroaren 14tik 17ra bitartean gauzatuko dute, festibalaren 65. ekitaldiaren testuinguruan, eta garapen-egoera aurreratuan edo ekoizpen-fasean dauden 12 proiektu lehiatuko dira guztira, euskarazkorik ez, ordea.

Foro profesionala baliatuz, jaialdi bilbotarrak ikus-entzunezkoen ekoizpena sustatu nahi du Bilbon, Bizkaian eta EAEn. Halere, iaz bezala, eremua zabaldu eta Espainiako Estatuko proiektuak ere hartu dituzte. Industriari eskainitako jardunaldien barruan, zinema dokumental sortzaile eta independenteko proiektuak sortzen eta garatzen laguntzea da helburua, baita euskal produkzioaren eta nazioarteko produkzioaren arteko sinergiak ezartzea ere.

Jarraian dituzue hautatutako proiektuak:

ZINEBI Networking EITB 2023 Sarirako hautagaiak:

  • Cuatro días (Itxaso Díaz)
  • Inmersas en el Imserso (Aitor Arruti)
  • La isla sumergida (Lucía Malandro eta Daniel Saucedo), Elías Querejeta Zine Eskola – EQZEren produkzioa
  • La maleta de Álex (Alejandro Cortés), Larrua Creaciones ekoiztetxea

ZINEBI Networking 2023 Sarirako hautagaiak:

  • ¿Es usted secuestrable? (Charli Bujosa Cortés), Mansalva Films ekoiztetxea
  • Artefactos de guerra (Jorge Caballero Ramos), GusanoFilms ekoiztetxea
  • Atlas de la desaparición (Manuel Correa), Artefacto Fílmico eta GusanoFilms ekoiztetxeak
  • Infiltrada (Ione Monje Martínez eta Paco Martínez-Abarca Sánchez)
  • Jo Sóc (Patricia M. Félix), Diana Toucedo Films eta WKND ekoiztetxeak
  • La maleta de Centelles (Pilar Pérez Solano), Estrela Audiovisual ekooiztetxea
  • La Pietà (Rafael Molés Vilar y Pepe Andreu), SUICAfilms, AXfilms eta Studio Nominum ekoiztetxeak
  • Se eu morrer / Si me muero (Esther Vital García)

ZINEBIko arduradunek adierazi dutenez, foroa egin aurretik, hautatutako proiektuetako arduradunek tutoretza-saio pertsonalizatuak izango dituzte Virginia García del Pinoren eskutik, datozen egunetan. Azaroaren 13an, beren proiektuaren aurkezpen publikoa egingo dute eta banakako aholkularitza-saioetan parte hartuko dute.

Epaimahaiak eta sariak

Epaimahaiak azaroaren 17an Arriaga Antzokian ospatuko den jaialdiaren itxiera galan emango ditu 10.000 euroko bi sariak. Lan onenak zeintzuk diren erabakitzeaz ikus-entzunezko sektoreko hamabost profesionalek osatutako batzordea arduratuko da: Cecilia Barrionuevo, Anette Dujisin-Muharay, Ione Feijoo, Luis Ferrón, Fernando Franco, Ainhoa González Sanchiz, Marijo Larrañaga, Elodie Mellado, Noé Mendelle, Elena Mera, Ana Peláeze, Aintzane Pérez del Palomar, Ainhoa Ramírez Lucendo, Montse Triola.