Euskaraz edo euskarazko azpitituluak dituzten eta 30 minutu baino gutxiagoko iraupena duten lanak galdegin dituzte ekimenaren bultzatzaileek. Sorkuntzak aurkezteko epea abenduaren 8ra bitartean dago irekita.
Orozkoko Supelaur Kultur Elkarteak, herriko udalaren laguntzarekin, Orozkoko Film Laburren VIII Lehiaketa antolatu du. Abenduaren 15ean gauzatuko da, Donibane aretoan, eta dagoeneko lanak bidaltzeko epea zabaldu dute. Interesatuek abenduaren 8a baino lehen aurkeztu beharko dituzte beren sorkuntzak, superlaur.kt@gmail.com korreo elektronikora bidaliz.
Ekimenaren sustatzaileek azpimarratu dutenez, euskaraz edo euskarazko azpitituluak dituzten film laburrak soilik onartuko dituzte, eta horiek, 30 minutu baino gutxiagoko iraupena izan behar dute. “Edozein mota edo generoko” lanak onartuko dituztela ere gaineratu dute.
Sariei dagokienez, bi aitortza banatuko dituzte abenduaren 15ean, Orozkoko Donibane aretoan, finkatu duten hitzorduan. Batetik, film onenaren saria ebatziko dute, eta irabazleak 250 euro jasoko ditu opari. Bestetik, ikus-entzuleek gogokoen duten obra bozkatzeko aukera izango dute, eta garaileak, oraingo honetan ere, 250 euro eramango ditu.