SEMINCI – Valladolideko Nazioarteko Zinema Astean lehiatuko da egunotan Negu Hurbilak filma. Hiru emanaldi egingo dituzte, orotara, Punto de Encuentro sailean lehiakorrean.

Locarnoko (Suitza) Nazioarteko Zinema Jaialdiko Cineasti del Presente -mundu osoko zuzendari hasiberrien lehen eta bigarren filmei eskainitako lehiaketa- sailetik igaro ondoren, non Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen, SEMINCI Valladolideko Nazioarteko Zinema Astean izango du hurrengo agertokia Negu Kolektiboaren lehen fikziozko film luzeak. Hain zuzen, Punto de encuentro sailean, film luzeei eskainitako lehian arituko da, gaikako edo estiloko balioagatik garrantzi berezia duten fikziozko beste hainbat lehen edo bigarren filmekin batera.

Hiru emanaldi egingo ditu, orotara, gaur iluntzetik -Espainiar Estatuko estreinaldia izango da filmarentzat, larunbatera bitartean:

  • Osteguna 26 | 22.15 – Zorrilla Antzokia
  • Ostirala 27 | 17:00 – Brodway Zinemak
  • Larunbata 28 | 12:15 – Brodway Zinemak

Filmari buruz

Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko filma da Negu Hurbilak, eta ihesaldi baten historia kontatzen du. Euskal Herriak bizi izan duen gatazka luzea amaitzear dago 2011n. Neska gazte bat ihesi doa. Helburu garbi bat dauka: muga pasatzea, bai baitaki, hala, bere jaioterritik, bere jaiotetxetik urrun eramango duela, bertan ez baitago seguru. Ihesean doala, Zubietara iritsiko da.

Mugako herri horretan, antzinako mitoek eta gaur egungo gatazkak bat egiten dutela ematen du. Herriko etxe bateko ganbaran ezkutatuta, harria bezain mugigaitza den hango egunerokotasunaz jabetzen hasiko da. Denbora lauso eta mugagabea igaro ahala, egunak gau eta gauak egun bihurtzen diren horretan, protagonistaren ihesa gero eta trakets eta korapilatuagoa bihurtuko da, eta behe-laino trinkoak erabat inguratuko du.

Zubietan (Nafarroa) burutu dituzte errodaje lanak eta, hain zuzen, bertako herritarrak aritu dira antzezle lanetan. Haiekin batera, Jone Laspiur izan du lanak aktore profesional bakarra, neska protagonistaren azalean. Ekain AlbiteMikel IbargurenNicolau Mallofré eta Adriá Roca zuzendariek osatutako Negu kolektiboaren lana da, eta Maluta* films ekoiztetxe donostiarra eta Cornelius Films kataluniarra dira ekoizleak.

Zinema jaialdien zirkuitua amaituta, besteak beste, Bartzelonako L’Alternativa eta Tarragonako REC jaialdietan izango dira ere, Begin Again banatzailearen eskutik estreinatuko da filma datorren abenduaren 15ean.

Euskal zinemaren itzala, luze

2023ko urriaren 21etik 28ra burutuko den Valladolideko Nazioarteko Zinema Asteak, euskal industriarekin lotura duten eta bere programazioan parte hartuko duten beste hainbat filmen berri ere eman du.

  • Zinzindurrunkarratz (Oskar Alegria): Artazu bere herritik Andimendira asto batekin egindako bidea kontatuko du Alegriaren hirugarren lan luzeak. “Oinez eginiko film bat”,  Super-8 formatuan filmatua.
  • Sobre todo de noche (Victor Iriarte): Duero ibaiaren ertzean topatzen diren berrogeita hamar urteko bi emakumeren istorioa oinarri, hiru heriotza, bi lapurreta eta ihesaldi bat dituen genero beltzeko lana.
  • Samsara (Lois Patiño): Heriotzari buruzko hausnarketa dakar proiektuak, erlijiotasun budistaren ikuspegitik. Señor y Señora (Aritz Moreno eta Leire Apellaniz) ekoiztetxe donostiarraren parte-hartzea du.