ZINEBI jaialdiaren 65. edizioa hasi aurreko ekimenen baitan, eleberriak film bilakatzeko prozesuei buruz ariko dira hizketan Katixa Agirre eta Txani Rodriguez idazleak zein Asier Altuna eta David Perez Sañudo zinemagileak.
Zinemaren eta literaturaren arteko harremana aztertuko dute bihar, ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren nazioarteko Jaialdiaren testuinguruan. 65. edizioa azaroaren 10ean abiatuko badute ere, festibala hasi aurreko ekimenen baitan atondu dute topaketa, eta Bira Kultugunea izango du kokaleku. 19:30ean hasita, mahai-inguruan eleberriak zinemara egokitzeko prozedurak izango dituzte hizpide Katixa Agirrek (idazlea eta irakaslea), Txani Rodriguezek (idazlea eta kazetaria), Asier Altunak (zinemagilea, gidoilaria eta ekoizlea) eta David Perez Sañudok (zinemagilea, gidoilaria eta ekoizlea).
Agirrek adierazi duenez, “azken bi hamarkadetan, euskarazko zinemaren gora egitearekin batera, handitu egin da pantailara iristen diren liburuen kopurua”. Hain zuzen ere, arrakastatsu suertatu den Amek ez dute liburua film bilakatzeko prozesuan dago gaur egun; Mar Coll zinemagile kataluniarra izango da Las madres no izena izango duen pelikularen zuzendaria, eta Valentina Visorekin batera arduratu da gidoia idazteaz. Bestalde, Perez Sañudok Marina Presekin batera moldatu du Rodriguezen Los últimos románticos eleberria, Azken erromantikoak izenburupean aurkeztuko dutena.
Ez dira euskal liburu batek izan duen lehen egokitzapenak, izan ere, Bernardo Atxagaren Bi anai-ren moldaketa egin zuen 2011n Imanol Rayok, eta Miren Gorrotxategiren Hil kanpaiak-ena 2020an; Anjel lertxundiren Zorion perketua egokitu zuen 2009an Jabi Elortegik; Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea, aldiz, Fernando Bernuések 2018an etab. Bada, zinemaren eta literaturaren harremana “apurtzetik urrun, sendotzen ari dela” dirudiela uste du Agirrek, eta horren erakusgarri da Asier Altunak esku artean duen Elkarrekin esnatzeko ordua, Kirmen Uriberen eleberrian oinarritutakoa; Pilar Palomero zinemagile aragoiarrak labean duen Eider Rodriguezen Bihotz handiegia, Antonio de la Torre eta Patricia López Arnaiz aktore izango dituena.