Sultanaren Ametsa / El sueño de la sultana filmaren sortze-prozesuari buruzko xehetasunak jasotzen dituen erakusketa jasoko du Donostiako Tabakalera – Arte Garaikidearen Nazioarteko Zentroak urtarrilaren 7ra bitartean. Esperientzian sakontzeko bisita gidatuak egingo dituzte hilean behin.
El sueño de la sultana ipuin feminista da, Rokeya Hussainek idatzia eta Indian 1905ean argitaratua. Bertan emakumeek gobernatzen duten mundu utopiko eta imajinarioa deskribatzen da, eta filmak, hain zuzen ere, bertatik hartzen du inspirazioa.
Filma munduko txoko desberdinetan garatzen da, hala nola, India, Erroma eta Donostian. Bertan, Hergueraren estilo grafikoa, apartekoa eta guztiz ezaguterraza, modu ederrean dago landua, erakusketaren ibilbidean zehar aurkitu ditzakegun animazioko hiru tekniken bidez: kolore bizi eta gardentasunez beteriko akuarelekin, protagonistak Indiara egiten duen bidaia irudiztatzen d; hennarekin egindako aldi baterako tatuajearekin, artisten talde batek bere burua irudikatzen du Emakumeen herrialdean; eta multiplanoaren mahaian animatutako ebakigarriekin, Rokeya Hussainen garaian bizitza nolakoa zen deskribatzen digu.
Bada, erakusketa ere hainbat-ataletan banatuta aurkezten ditu filmaren sortze-prozesuak, bere estudio propioa balitzan. Artistak bere bidaia-koardernoak laga dizkio mostrari eta, besteak beste, 2005etik 2017ra -orduan abiatu zuen filmaren sortze prozesua- Indian zegoela egindako marrazkiak ikusteko aukera izango du bisitariak. Mostra 2024ko urtarrilaren 7ra arte izango da ikusgai.
Bada, erakusketaren esperientzia aberasteko, bisita-solasaldiak egingo dituzte hilean behin, gaztelaniaz zein euskaraz. Horien bidez, erakusketaren edukiak sakontasunez aztertzea eta arte garaikidera hurbiltzeko modu berriak esperimentatzea da helburua; hartara, saioek ordubeteko iraupena dute eta Tabakalerako bitartekari batek dinamizatuko ditu. Horrekin batera, jakinarazi dute ez dela beharrezkoa artearen inguruko ezagutzarik izatea horietan parte hartzeko.
Honako egunetan programatu dituzte hitzorduak:
- Urriak 26 | 18:00 (es) / 19:00 (eu)
- Azaroak 16 | 18:00 (es) / 19:00 (eu)
- Abenduak | 18:00 (es) / 19:00 (eu)
Artista eta zuzendariari buruz
Isabel Herguerak Arte Ederrak ikasi zituen Dusseldorfeko Kunstakademien (Alemania) eta Animazioa Kaliforniako Institute of the Artsen (Calarts). Los Angelesko hainbat animazio-ekoizpenetan lan egin zuen, eta 2003an Animac-en, Kataluniako Animazio Zinearen Nazioarteko Erakustaldiarem, zuzendaritza eta Mugimenduzko Irudien Laborategia (LIM) koordinatzeko eta programatzeko lana bere gain hartu zituen arte.
Azken urteetan, hainbat film labur zuzendu eta ekoiztu ditu, hala nola La Gallina Ciega (2005), Amar (2010), Bajo la Almohada (2012), Amore d’inverno (2015) eta Kutxa Beltza (2016). 2005az geroztik, Ahmedabad-en (India) animazio-tailer batean irakasle izan da National Institute of Designen (NID), eta irakasle gonbidatua da Txinako Central Academy of Fine Artsen (CAFA). Halaber, 2017az geroztik, animazioko irakasle titularra da Koloniako Kunsthochschule für Medien-en (KHM).