ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak azaroaren 10ean emango dio hasiera 65. edizioari. 43 estatuko 128 filmek hartuko dute parte, eta Frederick Wiseman dokumentalista estatubatuarrari, Félix Linares kazetari bilbotarrari eta Rita Azevedo Gomes zinemagile portugaldarrari emango diete Ohorezko Mikeldia.

Sail Ofiziala osatzen duten bi kategoriak izango dira nagusi programazioan: Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa eta ZIFF – ZINEBI First Film opera primak aurkezteko plaza. Lehenengoari dagokionez, 58 film hartuko ditu (deialdira aurkeztu dituzten 3.900 filmen artean hautatuak), horien artean, jaialdiaren inaugurazio ekitaldiaren amaieran proiektatuko diren zazpi euskal ekoizpen (edo koprodukzio): Agrio (David Perez Sañudo, 2023), Betiko gaua (Eneko Sagardoy, 2023), In a Nearby Field (Laida Lertxundi eta Ren Ebel, 2023), Memories of an Empty House (Bruno Carnide, 2023), La mujer ilustrada (Isabel Herguera, 2023), Todo lo cubre la sal (Joana Moya, 2023) eta Ximinoa (Itziar Leemans, 2023).

ZIFF – ZINEBI First Film film luzeen atalean, aldiz, 10 herrialde desberdinetatik etorritako 9 film luze lehiatuko dira. Estatu mailako estreinaldiak izango dira guztiak, tartean, Zarata euskal ekoizpena, Tamara Garcia Iglesiasek zuzendurikoa.

Sail paraleloei dagokienez, film luze dokumental garaikide onenetariko batzuk aurkeztuko ditu Beautiful Docs  sailak, azken hamabi hilabeteetan mundu osoan estreinatutakoak.  Horien artean, Berlinaleko Urrezko Hartza irabazi zuen “Sur l’Adamant (Nicolas Philibert, 2023), Claire Simonen Notre corps (2023) edo Virginia García del Pinoren La estafa del amor (2023).

Bestalde, ZINEBIk euskal zinema berrienarekin duen konpromisoa berrituko du Bertoko Begiradak programazioarekin. Aurtengo edizioan 20 film labur eta sei dokumental hartuko du: Marta Eturaren Lucía, Lara Eizagirreren Pelikula baten bila, Irati Gorostidiren Contadores, Bertha Gaztelumendi eta Rosa Zufíaren Arnasa betean, emakume zinegileak, Gentzane Martinez de Osabaren Aire!, Ainhoa Gutierrez del Pozo eta Olatz Gonzalez Abrisketaren Pizti bat agian eta Jose Alberto Andres Lacastaren Manolo Kabezabolo.

Ohorezko Mikeldi Sariak

Duela hogei edizio baino gehiagotik gertatzen den bezala, ZINEBIk zinema garaikideko izen garrantzitsu batzuen ibilbide profesional eta artistikoa aitortuko du Ohorezko Mikeldi Sarien bidez. Frederick Wiseman eta Rita Azevedo Gomes zinemagileak, eta Felix Linares kazetari eta zinema kritikaria izango dira aurtengo sarituak.

Zulueta inedito

2023an, laurogei urte beteko dira Iván Zulueta euskal zinemagilea jaio zenetik. Hori dela eta, ZINEBIk Arrebato (1980) film luzearen zuzendariaren oroimenezko jarduerekin bat egingo du. Besteak beste, Espainiako Filmotekak zaharberrituriko artxiboa erakutsiko du, bost emanaldi desberdinetan: lehenengo laurak Golem Alhóndiga zinemetan izango dira, azaroaren 2 eta 3an, azkena, aldiz, azaroaren 15ean ikusi ahal izango da jaialdiren baitan.

Ikusi gaur aurkeztu duten egitarauaren xehetasun guztiak, HEMEN.