Gaur hasi eta urriaren 26ra bitartean, ikus-entzunezkoen bidez gizarte kritikoa bultzatzea helburu duen jaialdia ospatuko dute Bilbon. Aurten, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 75. urteurrenaren ospakizunean jarriko dute fokua.
KCD GGKek – Cultura, Comunicación y Desarrollo elkartearen ekimena den Bilboko Film Sozialak, Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak gaur abiatuko du 15. edizioa. Komunikazioa eta Kulturaren bitartez, gizartearen garapena, kulturartekoa eta, oro har, iraunkorra sustatzea du helburu eragileak, eta zinema jaialdia da horretarako darabilen tresna. Urtero legez, Bilboko Azkuna Zentroan kokatutako Golem Alhondiga zinema aretoak izango dira bilgune nagusia, baina Bizkaiko beste egoitza batzuetan ere egingo dituzte saioak, besteak beste, batxilergoko eta heziketa profesionaleko 16 institututan.
Aniztasuna zein giza erantzukizuna berezko dituzten filmak biltzen dituzte urtero Zinema Ikusezina festibalean, zirkuitu komertzialetan nekez ikus daitezkeen izenburuak, alegia. Bada, urriaren 26ra bitartean luzatuko den ekitaldian, 54 herrialdetatik ekarritako 64 lan proiektatuko dituzte. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, besteak beste, afrikar kontinenteko bederatzi lan erakutsiko dituzte, “zazpi, gainera, euskaraz ikusi ahalko dira”.
Filmak bost ataletan banatuko dituzte: Giza eskubideak, Iraunkortasuna, Genero ekitatea, Kulturartekotasuna eta Gazteen klaketa. Azken honek, Euskal Autonomia Erkidegoan ekoiztutako filmak hartuko ditu: Hutsik (Izaro Onandia, Unax Miranda, Erika Martinez, Haizea Iglesias, eta Ian Cassany), Itsasoaren kutsadura (Alejandra Fernández García, Paula Fernández García, Magali Ibarzabal Martín eta Yaiza Ferro), Pozoi zaporeaz (Olatz Fernández, Martina Bilbao, Amara De La Varga eta Garazi Fernández), Soledad (Eder Aguirre) eta Viaje hacia los prejuicios (Nerea Rodríguez Sancho, Paula Vázquez Iglesias, Lohizune López Merino eta Ainara Lorenzo del Dujo). Horiez gain, ondokoak dira Euskal Herriko ekoizpenak: Arnasa (Raul Barreras), Berak baleki (Aitor Gametxo), Agur artzai (Julien Zubiete), Hau etxea bada (Nuria Casal), Derechos humanos de las humanas (Colectiva Lemow, Curruscu eta Entreamigos- Lagun Artean. Guatemalarekin koprodukzioa), eta Tetuán (Iratxe Fresneda).
Aurten, gainera, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 75. urteurrenaren ospakizunean jarriko dute fokua, hala, emanaldi berezi bat hartuko dute Golem Alhondiga zinemek (urriaren 20an), eta Gasteizko Florida Zinemak (urriaren 23an): Nataxik (Raul San Roman Otegui) dokumentala aurkeztuko da, maia kaqchikelez memoria esan nahi duena. Oroimenean barrena egindako bidaia da, eta protagonistaren bitartez, Guatemalako iraganeko eta egungo istorioak erakusten dira, barne gatazka armatuan hildako eta desagerrarazitako biktimen senideen ahotsen bidez.
Ekitaldiak eta erakusketak
June Moon abeslari eta konpositorearen ikuskizunak emango dio hasiera, 19:30ean, 15. edizioari, Azkuna Zentroan bertan, eta ostean, film laburren lehen emanaldiaz gozatzeko aukera egongo da. Amaiera-ekitaldia urriaren 26an egingo dute, toki berean, eta Kuttune folk taldea eta Lorratzen dantza taldea igoko dira taula-gainera. Ondoren, sariak banatuko dituzte.
Aurretik, urriaren 22an, 19:30ean, Toparterekin lankidetzan Doxandeém. Los cazadores de sueños (Saliou Waa Guendoum SAAR) film senegaldarra emango dute Guggenheim Museoan. Ostean, Mamadou Dia, Adia Mboup eta Laura Feal ekintzaileekin solasaldia egingo da. Sarrera doan da. Gainera, Eraikitzen ari garen bideak argazki erakusketa hartuko du hiriak.
Hurrengo egunean, Ongi Etorri Errefuxiatua elkartearekin batera, M (Nico Castellano, 2023) dokumentala emango dute EHUko Hezkuntza Fakultatean (Leioa), eta urriaren 25ean Deustuko Unibertsitatean. Solasaldirako tartea egongo da batean zein bestean.
Informazio osagarria, HEMEN.