Elias Querejeta Zine Eskolak eta hiriko Kontadores Gazte Zentroak elkarlanean antolatuta, herrialdeko zinematografia garaikidera hurbilketa egingo dute azaroaren 10era bitartean. Saioak ostiraletan egingo dituzte, 19:30etik aurrera, azken honen egoitzan (Pasai San Pedro 13, Bidebieta). Sarrera doan da, edukiera bete arte.

Emakume zinemagile argentinarrak-zikloa-zinea

Dejemos que la casa se ensucie. Emakume zinemagile argentinarrak izenpean, 70eko hamarkadatik aurrera herrialdean sortutako fikziozko, ez-fikziozko eta lan esperimentalak arakatuko dituzte, Donostian. Elias Querejeta Zine Eskolak eta Kontadores Gazte Zentroak elkarlanean antolatuta, gaur abiatuko dute zinema eskaintza, azken honen egoitzan. Tabakaleraren eta Bendita Tú jaialdiaren laguntza du ekimenak, eta Buenos Airesen jaiotako Lucía Dellacha zinemagile, argazkilari eta ekoizlea da komisarioa, EQZEn Zinema Komisariotzako Masterra egiten ari dena.

Argentinako zinematografia garaikidera egindako hurbilketa azaroaren 10era bitartean luzatuko da. Belaunaldi arteko ikuspegi feminista abiapuntu, Maria Alché, Melisa Liebenthal eta Clarisa Navas sortzaileen filmak ikusi eta Maria Luisa Bemberg, Lucrecia Martel, Albertina Carri edota Narcisa Hirsch errealizadoreen lanekin elkarrizketa proposatuko dute. Gainera, azaldu dutenez, etxeko espazioaren, espazio intimoaren eta egunerokotasunari dagokion espazioaren ikerketa birplanteatuta, gizonezkoen mainstream zineman gailentzen diren narratibak desafiatuko dituzte.

Jarraian duzue egitaraua:

  • Urriak 20

Señora de nadie (María Luisa Bemberg, 1982)

Leonor etxekoandre arduratsuak bi seme-alaba ditu. Senarrak adarrak jartzen dizkiola deskubritzen duenean, bere mundua gainbehera eroriko da. Beldurrez beterik, etxetik alde egin eta seme-alabak senarraren eskuetan  utziko ditu. Izeba Lolaren etxean babestuko da.

Seguro que Bach cerraba la puerta cuando quería trabajar (Nacisa Hirsch, 1979)

Zinemagileak hirutan sortu du filma: 1974an, 1979an eta 2005ean. Hau bigarren bertsioa da. Lagunak dituen emakumeak elkartu eta aurrez aurre filmatu ditu, lehen planoan, soinurik gabe. Ostean, proiektatu eta emakume horiek beren irudiaz hitz egingo dute.

Las lindas (Melisa Liebenthal, 2016)

Bere esperientzia pertsonalean eta bizitza osoko lagunekin izandako elkarrizketetan oinarrituta, errealizadoreak genero femeninoaren eraikuntza moldatzen duten agindu eta debekuei buruz galdetzen du, bereziki irudiari dagokionez.

  • Azaroak 3

Rey muerto (Lucrecia Martel, 1995)

Herritarrak siesta botatzen ari diren bitartean, Juana bere seme-alabekin eta erosketa-poltsekin etxetik irtengo da. Leihoak irekitzen dira. Juanak ihes egiten du. Baten batek senarrari abisatu dio. Juanak pistola bat darama. Bere hitzetan: “neska nintzenean egiten nituen westernetako bat zen, baina lortuxeagoa, ezagutza pixka bat gehiagorekin, ahal genuenarekin eginda, esperientzia hori zinema-eskola izan zedin saiatuz”.

Familia sumergida (María Alché, 2018)

Buenos Aires hirian uda da, eta hutsik eta bero-bero dago. Marcelaren ahizpa hil egin da eta bera arrotz eta lekuz kanpo sentitzen da. Dolua pasatzeaz gain, ahizparen etxearen zatiketari aurre egin behar dio. Haren bizitzan alabaren lagun gazte bat agertuko da, laguntzeko prest, eta harekin batera bidaiak eta abenturak iritsiko dira. Egun nahasi horietan, beste garai bateko pertsonak eta elkarrizketak izango ditu galdezka; aldi berean, gero eta hurbilago sentituko du bere eguneroko bizitza.

  • Azaroak 10

Barbie tamvién puede estar triste (Albertina Carri, 2011)

Animaziozko film labur pornografiko honetako protagonista Barbie panpina da, edertasunaren eta feminitatearen sinboloa Mendebaldeko kulturan. Barbiek harreman berezi bat hasiko du bere zerbitzariarekin, hau da, bildumako panpina latinoarekin.

Hoy partido a las 3 (Clarisa Navas, 2017)

Litoralean botatako siesta betean, Las Indomables emakumezkoen futbol taldeak antsietate handiz itxarongo du auzoko kirol txapelketa baten hasiera. Itxaronaldian, mota guztietako gertaerak gertatuko dira -amodioak, gatazkak, politika eta baita euri-jasa-, duten pasioa mehatxatuko dutenak: futbolean jokatzea kosta ahala kosta.