2024ko urtarrilaren 24tik 26ra bitartean ospatuko da Huhezinema – Euskal Film Laburren Jaialdiaren 17. edizioa. Film laburrak aurkezteko epea zabaldu berri dute antolatzaileek, azaroaren 27ra bitartean.
Urtero bezala, Aretxabaletako Arkupen gauzatuko da Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia, Euskal Herriko sortzaileen film laburrak eta bideoklipak ezagutzera eman eta, bide batez, lanik onenak saritzeko xedez. Inaugurazio ekitalditik hasi eta Huhezinema saria banatu arte, jaialdiak esperientzia aberasgarria eskainiko du ikusleentzat. Bada, hiru egunez ikusleak hunkitu, inspiratu eta entretenitzeko moduko proiekzioak programatzeaz gain jartzeaz gain, beste hainbat ekimen antolatuko dira; zinemarekiko grina ospakizun kolektibo bihurtuz.
“Jaialditik ahalegin berezia egiten dugu aurrekontuko diru gehiena sarietara bideratzeko. Azken urteetan, sail ofizialeko 10 finalisten artean dirua banatzen dugu, jaialdia euskal zinemagileen arteko topagunea izan dadin. Aurtengo ikasle antolatzaileen taldetik jasotako ideia zaparradaren ondoren, berrikuntza berri bat gehitzea erabaki dugu, eta Aktore Onenaren Saria emango dugu”, azaldu du jaialdiaren koordinatzailea den Iban Del Campok.
Horrez gain, azken uneko beste nobebade baten berri eman dute ere: azken urteetan kolaboratzaile izan den HAZI erakundearekin lankidetza sendotu eta bigarren sari berri bat emango dute. Kasu honetan, ordea, aurrerago zehaztuko dituzte baldintza eta ezaugarriak. Oro har, 4.000 €-tik gora banatuko dituzte ordainsari gisa:
-SAIL OFIZIALA
- Huhezinema saria: 800€ euskarazko film onenari.
- Laguntza publikorik gabeko film onenaren saria: 500€
- Ikusleen saria: 100€-an baloratutako oparia
- Finalista guztiek 150€ jasoko dituzte.
-IKASLEEN SAILA:
- Ikasle film onenaren saria: 300€
- MU saria: 200€
- Ikusleen saria: 100€tan baloratutako oparia
-BIDEOKLIP SAILA:
- Bideoklip onenaren saria: 300€
- Ikusleen saria: 100€tan baloratutako oparia
-MUNDUKIDE SARIA: 700€ Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren gaiak egokien txertatuta dituen film labur onenari
-AKTORE ONENAREN SARIA: 150€
Izen ematea
Film laburrak zein bideoklipak aurkezteko izen-ematea berariaz atondutako inprimakia betez gauzatu beharko da, azaroaren 28a baino lehen. Horretarako, parte-hartze oinarriak arretaz aztertzeko eskatu diete sortzaileei.
Batzorde antolatzaileak zinegile eta sortzaile guztiak gonbidatzen ditu jaialdiaren edizio honetan parte hartzera eta beraien ikuspegia ikus-entzunezko hizkuntzaren bidez partekatzera. Huhezinemako lantaldeak ebatziko ditu lan finalistak, eta zinema adituz osatutako epaimahai batek ebaluatuko ditu ondoren. Lanak, ekitaldian zehar erakutsiko dira, sortzaileei beren lana zabaltzeko aukera eskainiz.